Urdaibaiko saneamendu obrei buruz galdetu dio Aralarrek Unzaluri
Urdaibaiko saneamendu obren inguruko galderak egin dizkio Aralarrek Eusko Jaurlaritzari. Hala, Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Pilar Unzaluk idatziz erantzuteko galderak erregistratu ditu Eusko Legebiltzarrean.
Besteak beste, 2011ko aurrekontuetan Urdaibaiko arroaren saneamendu-obrak egiteko diru-partidarik ote dagoen jakin gura du Aralarrek. Era berean, aurten egitasmo horretan inbertsiorik egin duen be galdetu dio Aralarrek Unzaluri. Datorren urtera begira be kezka agertu du alderdi politiko horrek, eta 2012ko aurrekontuetan egitasmo horri dirurik bideratzeko asmorik duen galdetu dio sailburuari, idatzizko interpelazio horretan. «Hala ez bada, zein da arrazoia?», jakin gura dute.
Obren egoera
Arlo ekonomikoagaz arduratuta dauden arren, Urdaibaiko saneamendu obrak zein egoeratan dauden be jakin gura du Aralar taldeak: egoera zehatza zein den, zein urrats dauden oraindik egiteko, zein erakunde den horiek egitearen arduradun, Eusko Jaurlaritzak berak zein ardura duen obren egikaritzean edota zein ardura hartu zituen bere gain hitzarmena sinatu zunenan. Zalantza horiek guztiak idatziz erantzureko eskatu dio Aralarrek Pilar Unzalu sailburuari.
Urdaibaiko uren saneamendurako egitasmoa lau erakundek hizartu zutela gogorarazi du Aralarrek: Busturialdeko Ur Partzuergoak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. «2004an behin betiko proiektua onartu zen eta zazpi urte igaro ostean obrak oraindik ez dira bukatu», kritikatu dute