Urdaibaik eta Busturialdeak bandera bana ekarri dute etxera
Bertoko arraun taldeek garaipenaren olatuan jarraitzen dute. Asteburuan, Urdaibaiko arraunlariek eta Busturialdeako arraunlariek, bandera bana ekarri zuten etxera. Bermeoko arraun taldeak, esaterako, San Miguel Ligako estreineko bandera irabazi zuen Camargon (Kantabria; Espainia), zapatuan. Elantxobeko arraun taldeak, bestalde, KAE 2 mailako Donibane Ziburuko (Zuberoa) estropada irabazi zuen domekan.
Jose Manuel Francisco Urdaibaiko entrenatzaileak azaldu duenez, “pozik gaude asteburuan lehiatu ditugun bi estropadekin”. Dioenez, bigarren postuan daude sailkapen orokorrean lehenengo bi estropadak jokatu ostean, eta hori da “garrantzitsuena”. Iaz baino “hobeto” hasi dute liga, eta “bide egokitik” doazela uste dute Bermeokoek.
Entrenatzailearen hitzetan, “kale ona izatea eta korronteak laguntzea, ezinbestekotzat jotzen genuen liga hasierako bi estropadetan, eta horrela izan zen”. Dioenez, zapatuan zortea izan zuten, baina domekan, kontrakoa gertatu zen. Hala, denboraldiko lehenengo bandera irabazi ostean, domekan seigarren postuagaz konformatu behar izan zuten Bilboko banderan.
Urdaibaikoek apurka-apurka hartu gura dute sasoi forma egokia. Franciskok nabarmendu duenez, “liga luzea da” eta hasierako esfortsuak garesti ordaindu daitezke liga amaiera. Horregatik, bost aldaketa egin zituen zapatutik domekara. Entrenatzailearen hitzetan, “denboraldi amaieran taldea fresko egoteko asmoagaz, dagoeneko arraunlari guztiak erabili ditugu”. Horrela jarraitu behar dutela dio.
Denboraldi amaieran irabazten da liga bere ustez, baina denboraldi hasieran puntu gehiegi ez galtzea, ezinbestekoa da azken txanpara aukerekin heltzeko. Entrenatzaileak dioenez, “hutsegite handiak ekidin behar ditugu”.
KAE 2 ligan be garaipena
Domekan, Busturialdeako arraunlariek denboraldiko bigarren bandera eroan zuten Elantxobera. Denboraldiko lehenengo estropada irabazi ostean, laugarren jardunaldian jarri dira barriro garaipenaren bidean. Aitor Alzibar taldeko entrenatzaileak azaldu duenez, “oso pozik” daude. Arraunkeragaz izan dituzten arazoak konpondu dituzte eta taldeak sendo egin zuen arraunean.
Lau etropadetatik bi irabazi dituzte Elantxobekoek, eta horrela jarraitu gura dute. Badakite oso zaila izango dela, baina denboraldo amaieran estropada erdiak irabaziz gero, “KAE 1 mailara” igotzeko aukera asko izango lituzketela uste dute.