Oinezkoen segurtasuna hobetzeko neurriak aurkeztu dituzte Ean
Herriko lau auzotan “oinezkoen segurtasuna hobetzeko” behin-behineko neurriak aurkeztu ditu gaur goizean Eako Udalak. Hobekuntzak, Angelutxun, Bedaronan, Eako herrigunean eta Natxituan egingo dituzte Aldundiak proposatu duen proiektu integralaren baitan. Asier Madarieta Eako alkateak jakinarazi duenez, “aldundiko teknikariek egindako proiektuak, aipatu auzoetan izango dira herritarrek aztertu ditzaten”. Horrela, “iritziak zalantzak edota proposamenak” aurkezteko aukera izango dute eatarrek datozen bi hilabeteetan. Alkatearentzat, “egun handia” da gaurkoa. Hainbeste denbora “borrokan” egon ostean, proiektu garrantzitsu horiek argia ikustea “oso onuragarria” izango dela azpimarratu du. “Urteak daramatzagu hobekuntzak egin guran eta Aldundiak erakutsitako jarrera onari esker udalerri seguruagoa izango dugu etorkizunean”. Bide segurtasuna bermatuko duen neurri berriak ezartzeaz gain, Aldundiko proposamenek oinezkoen segurtasuna dute oinarrian. Horregatik, “pozik” azaldu da alkatea. Izan be, oinezkoei “lehentasuna” emon behar zaiela uste du. Hasiera baten ez zituzten oinezkoentzako espaloiak eta autobus geltoki berriak egitea aurreikusten, baina proiektuak diseinatu dituzten teknikariek ezinbesteko ikusi zuten. Madarietaren hitzetan, “sei urte inguru” daramatzate herri segurtasuna hobetu guran eta “oso pozgarria” da aurrera egiten dutela ikustea. Orain, ahalik eta arinen batu gura dituzte proposamen eta iritzi guztiak datorren urtean lanak hasteko aukera izateko. “2012an” hasi gura dituzte lanak Guztia bide egokitik badoa, datorren urtean, proiektuak egia bihurtzeko obrak hasiko dituzte Ean. Itziar Garamendi Herri [...]
Herriko lau auzotan “oinezkoen segurtasuna hobetzeko” behin-behineko neurriak aurkeztu ditu gaur goizean Eako Udalak. Hobekuntzak, Angelutxun, Bedaronan, Eako herrigunean eta Natxituan egingo dituzte Aldundiak proposatu duen proiektu integralaren baitan. Asier Madarieta Eako alkateak jakinarazi duenez, “aldundiko teknikariek egindako proiektuak, aipatu auzoetan izango dira herritarrek aztertu ditzaten”. Horrela, “iritziak zalantzak edota proposamenak” aurkezteko aukera izango dute eatarrek datozen bi hilabeteetan.
Alkatearentzat, “egun handia” da gaurkoa. Hainbeste denbora “borrokan” egon ostean, proiektu garrantzitsu horiek argia ikustea “oso onuragarria” izango dela azpimarratu du. “Urteak daramatzagu hobekuntzak egin guran eta Aldundiak erakutsitako jarrera onari esker udalerri seguruagoa izango dugu etorkizunean”.
Bide segurtasuna bermatuko duen neurri berriak ezartzeaz gain, Aldundiko proposamenek oinezkoen segurtasuna dute oinarrian. Horregatik, “pozik” azaldu da alkatea. Izan be, oinezkoei “lehentasuna” emon behar zaiela uste du. Hasiera baten ez zituzten oinezkoentzako espaloiak eta autobus geltoki berriak egitea aurreikusten, baina proiektuak diseinatu dituzten teknikariek ezinbesteko ikusi zuten.
Madarietaren hitzetan, “sei urte inguru” daramatzate herri segurtasuna hobetu guran eta “oso pozgarria” da aurrera egiten dutela ikustea. Orain, ahalik eta arinen batu gura dituzte proposamen eta iritzi guztiak datorren urtean lanak hasteko aukera izateko.
“2012an” hasi gura dituzte lanak
Guztia bide egokitik badoa, datorren urtean, proiektuak egia bihurtzeko obrak hasiko dituzte Ean. Itziar Garamendi Herri Lan saileko diputatuak azaldu duenez, “proposamenak batu behar ditugu eta aldaketak egin daitezkeen aztertu behar dugu”. Ostean, “Aldundiak udalaren oniritzia duenean”, proiektuak datorren urteko aurrekontuetan sartzeko lanean hasiko dira. “Atzeratzen ez bagara, 2012an lanak hasiko ditugu” esan du.
Datorren urtean obrak hastea aurreikusten duten arren, ez dituzte lau auzoetako lanak batera hasiko. Garamendiren ustez, “obra guztiak batera hastea, arazo asko emongo lituzke”.
Aldundiko tekniariek prestatutako proiektuak aurrera eramateko, 1,3 milioi euro inguru bideratu behar izango ditu Aldundiak. Natxituko eta Angelutxuko lanak egiteko, adibidez, 500.000 euro inguru behar izango dituzte. Eako eta Bedaroako egokitzapena egiteko, ordea, 800.000 euro inguruko inbertsioa egin beharko dute. Halanda be, Herri Lan diputatuak azaldu bezala, “aurreikuspenak dira eta baliteke inbertsioa handitu behar izatea behin-betiko proiektuak aurkezten ditugunean”.
Garamendiren ustez, “proiektu oso garrantzitsuak izango dira herriarentzat”. Bide segurtasuna hobetuko dute eta oinezkoen segurtasunean aurrerapausuak emongo dituzte. Horregatik, “pozik” azaldu da proiektu horietan parte-hartzeko aukera dutelako.
Bestalde, hobekuntzak egin arren, gidarien heziketan be, aurrerapausoak emon behar direla adierazi du Herri Lan diputatuak.
Ezker abertzalearen iritzia
Eako Udaletxean egin duten aurkezpenean, Ezker Abertzaleko kideek euren iritzia plazaratu dute. Azaldu dutenez, “Aldundiak aurkeztutakoa plan integrala da eta begi onez ikusten dugu”. Halanda be, hauteskundeei begira egindako aurkezpena izan dela kritikatu dute.
Diotenez, “urte asko daramatzagu neurriak hartzeko eskatzen eta hauteskundeen aurretik aurkeztu ditu Udalak proiektuak”. Orain hemezortzi urte, esaterako, semaforoak eskatzeko lehenengo pankarta jarri zuten Natxituan eta ordutik hainbat ekimen burutu dituzte. Zentzu horretan, Aldundiak egindako lana eskertu dute, baina herritarren eskaerekin kanpainarik ez egitea eskatu dute.
Lau Proiektuak
Garamendik lau auzoetako proiektuak aurkeztu ditu:
- Angelutxu: Malda handia dago eta kotxeak oso arin pasatzen dira bertatik. Abiadura moteltzeko, alertako zeharkako bandak jarriko dituzte eta semaforoen bidez kontrolatuko dituzte oinezkoen joan etorriak. Zeharkako bandek abiadura moteldu behar dutela gogoratuko die gidariei. Argiztapena be, hobetu egingo dute.
- Bedarona: Abiadura murriztu behar dela gogoratzen duten gailuak eta badenak jarriko dituzte. Oinezkoen segurtasuna hobetzeko, espaloiak egingo dituzte eta autobus geltokiarentzako gune barria egokituko dute.
- Ea: Lanik garrantzitsuenak bertan egin behar dituzte oinezkoei lehentasuna emoteko. Alde batetik abiadura murriztu behar dela gogoratzen duten gailuak eta badenak jarriko dituzte. Herrigune erdian, bestalde, errepidea norabide bakarrekoa bihurtuko dute. Trafikoa semaforo bidez kontrolatuko dute eta oinezkoei lehentasuna emongo zaie. Horretarako espaloiak jarriko dituzte eta oinezkoentzako gunea jarriko dute plazan.
- Natxitua: Abiadura murriztu behar dela gogoratzen duten gailuak eta badenak jarriko dituzte. Oinezkoen segurtasuna hobetzeko, espaloiak egingo dituzte eta autobus geltokiarentzako gune barria egokituko dute.