Osakidetzagaz batzeko bost hilabete zain daramatzala salatu du Ezker Abertzaleak
Gernika-Lumon eraikitzen ari diren Erresoluzio Handiko Zentroari buruzko informazio barririk ez dutela eta Osakidetzako zuzendaritzagaz batzeko bost hilabete zain daramatzala salatu du Busturialdeko Ezker Abertzaleak gaur, prentsaurrekoan. Izan be, Gernikaldea zentroan, besteak beste, oheak be egon daitezen eskatzeko 2.300 sinadura batu zituzten 2010ean, eta sinadura horiek Osasun eta Kontsumo sailburuari zein Osakidetzako zuzendariari nagusiari bidali zizkieten Ezker Abertzaleko alkateek, beraiekin batzarra egin gura zutela adieraziz. Urriaren 4an erantzun zuen Osakidetzaren zuzendari nagusiak “alkateekin laster batzeko konpromisoa” hartuz. Alabaina, oraindik esperoan dauela kritikatu dute.
Azken asteetan Osakidetzako arduradunekin harremanetan jartzen ahalegindu direla ere azaldu dute Gernika-Lumoko zinegotzi Idoia Fernandezek eta Gautegiz Arteagako alkate Miren Lourdes Bilbaok. “Osakidetzako zuzendariak eskualdeko alkateekin batzartzeko asmoa duela esan du berriz ere, ospitalea zein fasetan dagoen bertatik bertara azaltzeko”. Baina haren berririk ez dute izan, eta “errespetu falta” erakutsi duela uste dute.
Zenbait gauza argitzeko
Egin dizkieten eskakizunei erantzuna emateko eskatu die gaur Ezker Abertzaleak Osakidetzako arduradunei, eta zenbait gauza argitu ditzaten, “besteak beste, zentroaren kudeaketa oso-osorik publikoa izango den ala ez, kudeaketa Autonomia Erkidegoarena izango den ala Galdakaoko Ospitalaren mendekoa izango den edota euskararen erabilera bermatuko den”.
Era berean, proiektu horretan lanean jarraitzeko Busturialdeko bizilagunekin hartu duten “konpromisoa berretsi” du ezker abertzaleak gaurkoan. Izan be, neurri horretako proiektu batek “adostasun handia behar” duela uste du alderdi politiko horrek, “herritarrentzako osasun laguntza hobetu ez ezik, lanpostuak sortzeko azpiegitura sare zabal bat ere bultza dezakeelako eta, horri esker, azken urteetan horrenbeste lanpostu galdu dituen eskualde hau biziberritzen lagun dezake”.
EAJren jokabide “kontraesankorra”
Sinadurak batzeaz eta horiek Jaurlaritzara igortzeaz gain, mozioak ere aurkeztu zituen Ezke Abertzaleak zenbait udaletan. “Onartutako mozio horietan Osasun sailburu ohiak agindutako 70 oheak ez kentzeko eskatzeaz gain, helduentzako eta pediatriako larrialdi zerbitzu osoa eta eragingarria zein etxeko ospitalizazio zerbitzua emateko eskatzen zen”. Gernika-Lumoko, Busturiko, Ajangizko, Gautegiz Arteagako, Kortezubiko, Ibarrangeluko eta Mendatako udalbatzek onartu zuten mozio hori.
Hala ere, Eusko Alderdi Jeltzalearen jokabidea “kontaresankorra” dela salatu du Ezker Abertzaleak prentsaurrekoan. “Izan ere, udal batzuetan mozioa onartu egin duen arren, Bermeon, Ean eta Gautegiz Arteagan kontramozioak aurkeztu ditu, oherik gabeko zentro baten aldeko kontramozioak, hain zuzen”. Hala, 2007ko ekainean EAJk berak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen proiektu hura ez defendatzea “ulergaitza” egiten zaiola azaldu du Ezker Abertzaleak.