Busturialdean bizi den etorkinen portzentaiak EAEkoa gainditzen du
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen baitako hamazazpi udalerrietan beste herrialde batzuetatik etorritako 1.975 pertsona daudela erroldatuta emon du jakitera elkargo horrek. Beraz, udalerri horietako biztanleriaren %6,8 etorkina da, Bizkaian portzentaia 2010. urtean %6koa izan den bitartean. Are gehiago, Euskal Autonomia Erkidegoko portzentaia be gainditzen du Busturialdekoak, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %6,4koa baita atzerritik etorritakoen ehunekoa.
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak urtero-urtero atzerriko biztanleriaren eskualdeko eboluzioa azaltzeko kaleratzen duen txostenaren datuak dira, hain zuzen, aipatutakoak. Txostenean jasotzen denez, 2010ean atzerriko 157 pertsona gehiago erroldatu dira Busturialdean, 1.818 izatetik 1.975 izatera igaroz. Azken urteetako joera dela eta, «1996. urtetik 2011.urteko urtarrila arte elkargoan erroldatutako atzerritar kopurua hamabi bider handitu da». Hain zuzen be, 1996an 164 lagun zeuden erroldatuta mankomunitatearen baitako herrietan. Dena den, 2007tik hazkundea moteldu egin dela azaldu dute elkargotik, «urte horretan, hamabi hilabeteetan, 258 etorkin erroldatu zirelako».
Bermeo, Ereño eta Ajangiz ez beste herri guztiak daude Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen baitan. Dena den, etorkinen gehiengoa sei udalerritan erroldatuta dagoela zehaztu du elkargoak: Mundakan, Foruan, Busturian, Muxikan, Gautegiz Arteagan eta Gernika-Lumon.
Mankomunitateko herririk handiena izanik, bestalde, Gernika-Lumon biltzen da atzerritarren %76 (1.505 lagun erroldatuta). Hala, Gernika-Lumoko biztanleen %9,1 beste herrialde batzuetatik etorritakoa dela azaldu dute. Azken urtean, zehazki, 121 etorkin gehiagok emon dute izena Gernika-Lumoko biztanleen erroldan.
Etorkinen jatorriari dagokionez, Busturialdean bizi diren atzerriko biztanleen %44 «Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetatik» etorri dela zehaztu du mankomunitateak (888 lagun). «Europar Batasunetik 1.087 etorri dira; %86 Errumaniatik. Gehien ageri diren nazionalitateak honakoak dira: errumaniarra (930 lagun), argentinarra (107), boliviarra (94), brasildarra (82) eta marokoarra (64)».
Hazkunderik handiena errumaniarrena (96 pertsona gehiago), sahararrena (28 pertsona gehiago, guztiak aljeliarrak bezala erroldatutakoak, herrialde horretako pasaportea dutelako) eta brasildarrena (19 pertsona gehiago) izan dela be aitatu dute elkargokoek.
Beste alde batetik, «Kolonbiatik eta Ekuadorretik etorritako herritarren artean beherakada handia dagoela ikus dezakegu». Hain zuzen be, hamasei kolonbiar eta 21 ekuadortar gutxiago daude erroldatuta gaur egun Busturialdean. Eskualdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko immigrazio teknikariak azaldu duenez, bi izan daitezke horren arrazoiak: «Batzuk gure eskualdetik joan dira, baina, neurri handi batean, askok Espainiako naziotasuna hartu dute eta, ondorioz, ez dira erroldan biztanle atzerritar bezala agertzen».
Sexuari eta adinari erreparatuz gero, azkenik, «emakumeak eskualdeko etorkin guztien %47» direla, atzerriko biztanleen %55 18 eta 39 urte artekoa dela eta %17,2 adin txikikoa dela aipa daiteke.