Bertsolarien indarra HITZAren alde
HITZAren aldeko bigarren bertso saioan 500bertsozale inguru batu dira. Aldarrikapena eta umorea ardatz, «giro aparta» izan da Jai Alai frontoian
Iaz modura, HITZAren aldeko bigarren bertso saioan be aldarrikapena eta umorea izan ziren nagusi. Amets Arzallusen, Andoni Egañaren, Arkaitz Estiballesen, Igor Elortzaren, Miren Amurizaren zein Maialen Lujanbioren burutazioak entzute aldera, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekua jendez lepo izan zen domekan, eta bertsolariek ez zuten hutsik egin.
Bertsoen indarrak HITZAren alde egin zuen, eta bertsozaleek txalo zaparrada handiekin erantzun zuten. Bertsolariek, bertsozaleek eta antolatzaileek «pozik» egin zuten etxerako bidea. Hala, HITZAko arduradunak«oso pozik» azaldu dira bertso saioak izan zuen harreragaz. Frontoira bertaratu zirenei esker, ezarritako «helburuak bete» zituztela argudiatu dute. Bertsolariekin gozatzeko irrikitan eta HITZAri babesa emoteko asmoagaz, «500 pertsona inguru» gerturatu ziren Jai Alaira, «giroa parta» sortuz. 500 izen propio horiek barre egin zuten, hunkitu egin ziren eta txalo zaparrada asko emon zituzten ordu eta erdi inguru iraun zituen saioan.
«Hitzek duten indar guztia eduki dezala HITZAk», kantatu zuen Elortza durangarrak
Bertsolariek be entzuleen jarrera goraipatu zuten, eta «pozik» agertu ziren. Jakinarazi zutenez,«txaloak jotzeko eta bertsoekin gozatzeko prest» somatu zituzten bertsozaleak. Batez be, inguruko eskualdeetatik etorri ziren bertsozaleak, baina Gipuzkoatik etorritako zenbait lagun be izan zirela adierazi zuten bertsolariek eurek.
Bertoko eta kanpoko gaiak. Apurka-apurka, frontoia betetzen hasi zen, eta bertsolariak taularatu zirenean arratsaldeko lehenengo txalo zaparradaren oihartzunak hartu zuen frontoia. Zaleen babesa jaso ostean, bertso lariak mikrofono aurrean ipini ziren, eta hasierako agurra kantatuzuten. Hasiera horretan bertsola-ri guztiek izan zituzten HITZArenaldeko berbak, eta euskarazko proiektu komunikatiboaren alde egin zuten. Agurrak kantatu ostean, Josu Goikoetxea gai-jartzailea gidari lanak egiten hasi zen. Eskualdeko eta kanpoko gaiak tartekatuz, entzuleen arreta bereganatu zuen, eta saioak aldarrikapenaren eta umorearen norabidea hartu zuen. Gernika Gernikara ekimen barria, emakumeen aurkako indarkeria, Euskal Herriko egungo egoera politikoa, tabakoaren legea, maitasun kontuak, Ipar Afrikako iraultza, Estiballesen Bizkaiko txapela… izan zituzten berbagai bertsolariek.
Eguneko lehenengo txalo zaparrada handiak Arzallusek eta Amurizak jaso zituzten. Picassoren Gernika koadroa Gernika-Lumora ekartzeko arrazoi ezberdin bi islatu behar izan zituzten. Amurizak arrazoi moralak argudiatu zituen eta Arzallusek arrazoi ekonomikoak. «Hori eta gehiago zor diegu hil ziren gernikarrei», kantatu zuen Amurizak.
Lehenengo bertsoekin zaleak berotu ostean, bertso saioak gora egin zuen minutuek aurrera egin ahala. Lehenengo barre algarak,esate baterako, Lujanbioren eta Egañaren bertsoekin entzun ziren. Bertsolariak erretiroa hartutako bikote bihurtu ziren, eta autopistan zihoazela gehienezko abiadura jaitsi zutela entzun zuten. Hariari tiraka egoera barregarria sortu zuten, eta ikusleek ederto pasatu zuten beraien burutazioekin.
Elortzaren bakarkako lanak be txalo asko jaso zituen. Durangarraren gaia Arnaldo Otegiren preso zenbakia izan zen, eta lan erraza izan ez arren, bertso landu eta kritikoak bota zituen. Egungo egoera politikoan Otegi ezinbestekoa dela iritzi zuen, baina «beste 800 zenbaki» be badaudela gogoratu zuen. Taldekako bertsotan, bestalde, Estiballes izan zen protagonista. Bizkaiko txapela jantzi barri duela, ezagutzen ez zituen bost pertsona eskean agertu zitzaizkion eta barre ugari egin zuten gerturatutakoek. Saioa hasi zen moduan bukatzeko, HITZAren aldeko berbak izan ziren nagusi amaierako agurrean. «Hitzek duten indar guztia eduki dezala HITZAk», kantatu zuen Elortzak. «Nahi dogun titularra idatzi arte», jarraitu zuen Amurizak.