Etxeetako suteak saihesteko zerbitzua abiarazi du Udalak
Bermeoko Udalak etxebizitzetako suteak saihesteko zerbitzua abiarazi du A Tiempo enpresaren bitartez. Zerbitzu hori 85 urte baino gehiago izanik bakarrik bizi diren horiei zuzenduta dago edota etxebizitza batean bizi diren guztiek 85 urtetik gora duten horiei.
Bermeoko Udalak etxebizitzetako suteak saihesteko zerbitzua abiarazi du A Tiempo enpresaren bitartez. Zerbitzu hori 85 urte baino gehiago izanik bakarrik bizi diren horiei zuzenduta dago edota etxebizitza batean bizi diren guztiek 85 urtetik gora duten horiei. Zerbitzu horrek, 236 lagunen babesa ziurtatuko duela adierazi dute, «baita euren auzokoena ere».
Zerbitzu hori eskaintzearen helburu nagusia biziak salbatzeko alerta denborak murriztea da. Izan be, SOS DEIAKen azken datuen arabera, etxeetan gertatzen diren hamar istruputik zortzi suteak dira, eta horren aurrean mugikortasun murriztua duten pertsonak dira ahulenak. Horiek jakinarazi legez, 2008an eta 2009an etxebizitzetan gertatu ziren suteetan, afektatuen erdiak baino gehiago 70 urtetik gorako pertsonak ziren.
Zerbitzua martxan ipintzeaz gain, urteroko mantenu zerbitzua ere dohainik eskainiko dietela jakinarazi dute. Mantenu lan horretan, zerbitzuaren funtzionamendua egokia den frogatuko dute, tarteak garbitu, ipinitako detektagailuen bateria aldatu eta kasua bada, detektatutako defizientzien jarraipena be egingo dute.
Bermeo da Busturialdean zerbitzu hau eskainiko duen lehenengo Udala.
Bisita bakarra beharko dute zerbitzua martxan ipintzeko eta hiru fase desberdindu dituzte:
- Prebentzio azterketa eta txostenak. Lehenik eta behin etxebizitzan dauden arrisku potentzialak detektatzeko ikerlana egingo dute. Etxe bakoitzeko txosten bat burutuko dute. Ondoren, prebentzioeta segurtasunari buruzko eskuliburu baten bitartez, oinarrizko segurtasun ezagutzak helaraziko dizkie egoiliarrei, «zer egin behar duten eta zer ez jakin dezaten».
- Su detektagailuak ipintzea. Usainik ez duen karbono monoxidoa be detektatzen du etxeetan ipiniko dituzten detektagailuek. Sua antzematen duen aparatu horrek karbono monoxidoaren presentziaz ohartaraziko du soinu-alarma gogor baten bitartez edo gorrentzat argi-alarma bitartez. Instalazioak ez du obrarik behar, eta elektrikoki alda daitekeen bateri batekin elikatzen da.
- Ebakuazioak errazteko krokisak. Mugikortasun arazoak direla eta, biziak salbatzeko denbora hobekuntzak garrantzitsuak dira. Horrela, eraikinerako zein etxebizitzarako sarrerak aztertuko dituzte eta horren krokisak egin, etxebizitzetako ezaugarri nabariak ere aztertuko dituzte. Sarrera on batek, ebakuazioa oso esan gura du.