Elbarriren bat dutenen nazioarteko egunean “aurrerapausoak” ematen jarraitzeko eskatu du ASINSOCek
Gaur, Urritasun bat duten Pertsonen Nazioarteko Eguna da eta Helbarriak Gizarteratzeko Elkarteak (ASINSOC) agerraldia egin du Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan. Elkarteko kideek, "aurrera pausuak" ematen jarraitzeko eskatu dute urritasun bat duten pertsonak gizarteratzeko asmoagaz. Horrez gain, marrazki lehiaketako sariak banatu dituzte.
Elbarriren bat duten pertsonen nazioarteko eguna da gaur, eta ASINSOC elbarriak gizarteratzeko elkarteak agerraldia egin du Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan. Elkarteko kideek “aurrerapausoak” ematen jarraitzeko eskatu dute, elbarriren bat duten pertsonak gizarteratzeko.
Txema Alonso Elbarriren bat duten Pertsonen Elkarteen Federazioko (Heldu) zuzendariak azaldu bezala, “oztopoak gainditzeko lanean jarraitu behar dugula adierazteko baliatu nahi dugu egun hau”. Elbarriren bat duten pertsonak gainontzekoen “maila berean” daudela dio eta, aurrerapausoak eman diren arren, lanean jarraitzea “ezinbesteko” ikusten du.
Alonsok azaldu bezala, “ikasleek egin dituzten marrazkiek argi islatzen dute lanean jarraitu behar dugula”. Ildo horretatik “oztopo arkitektonikoak” ezabatzen jarraitzeko eskatu du, bizitza duin bat egin ahal izateko. Dioenez, “gizartearen pentsatzeko modua aldatu beharra dago, berdintasuna lortzeko”.
Udala, laguntzeko prest
Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak eta Ekain Ormaetxea Gernika-Lumoko Kultura zinegotziak agerraldian azaldu dutenez, Udala “laguntzeko prest” dago. Gorroñoren hitzetan, esaterako, “askotan gu baino gutxiago direla pentsatzen dugu, baina ez da horrela”. Dioenez, gizartea “kontzientziatu” beharra dago jarrera hori aldatzeko eta, Udalak, ahal duen heinean, lagundu egingo du zeregin horretan.
Ormaetxeak, bestalde, “bidean” dauden arren “egiteko ugari” dagoela dio. Bere ustez, “aurrera egiteko, Udalak elbarriren bat duten pertsonen iritzia kontuan izan behar du, eta horretan saiatuko gara”.
Marrazki lehiaketaren sariak banatu dituzte
ASINSOC elkarteko kideek aurrera eraman duten kanpainaren baitan, marrazki lehiaketako sariak banatu dituzte Elai Alai aretoan. ASINSOCeko presidente Juan Ignacio Intxaustik azaldu duenez, “elbarriek ikastetxeetan hitzaldiak eman ostean, gu zelan ikusten gaituzten eta guretzako herrian zer-nolako arazoak ikusten zituzten irudikatzeko eskatu genien ikasleei”.
Jakinarazi bezala, “723 marrazki izan dira lehiaketan eta, erakusketa egin ostean, botazio bidez aukeratu dituzte bost kategorietako irabazleak”. Botoak erakusketa bisitatu duten pertsonek eman dituzte.
Parte hartu duten ikastetxeak Mertzede, Barrutia, Seber Altube ikastola, Allende Salazar, Barrutialde Institutua eta Gernika-Lumoko institutua izan dira.
Irabazleak bost kategorietan
Lehenengo kategoria (Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailak):
- Joane Ibarretxe
- Emilian Constantin
- Irati Perez
Bigarren kategoria (Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailak)
- Ander Barandika
- Jose Ramon Betanzos
- Iker Blanquelao
Hirugarren kategoria (Lehen Hezkuntzako bostgarren eta seigarren mailak)
- Ane Agirre
- Amaiur Arronategi
- Iraide Zabala
Laugarren kategoria (DBHko lehenengo eta bigarren mailak)
- Ainhoa Elejaga
- Andrea Estevez
- Madalen Hormaetxebarria
Bosgarren kategoria (DBHko hirugarren eta laugarren mailak)
- Ionela Ramona
- Jesica Valero
- Adrian Gurei