2009ko jaioberrien liburua aurkeztuko dute Antzokian, domekan
Bermeoko Udaleko Euskara sailak, Bermeon 2009. urtean jaiotako umeen liburua argitaratu berri du. Hori aurkezteko, iaz egin moduan, jaialdi bat antolatu du, domekan, Bermeoko Kafe Antzokian. Bermeon jaiotzen den ume bakoitzak beraientzat bereziki egind...
Bermeoko Udaleko Euskara sailak, Bermeon 2009. urtean jaiotako umeen liburua argitaratu berri du. Hori aurkezteko, iaz egin moduan, jaialdi bat antolatu du, domekan, Bermeoko Kafe Antzokian.
Bermeon jaiotzen den ume bakoitzak beraientzat bereziki egindako bertso-papera jasotzen dute gurasoek etxeetan, kuadro batean ipinita. Izan ere, Euskara sailak euskararen transmisioaz sentiberazi gura ditu gurasoak.
Ondoren, urte bakoitzeko bertso guztiekin liburua osatzen dute. Liburu horretan ume bakoitzaren izen-abizenak, jaiotze-data, bertso-papera eta argazkia jasotzen dute. Bertsoaren azpian, gainera, bertsolarien izena aipatzen dute eta bertsoa kantatzeko doinua ere.
12:00etan, Antzokian
154 ume jaio ziren Bermeon 2009an, eta horien bertsoak jaso dituzte domekan aurkeztuko duten liburuan. Hori aurkezte aldera, jaialdi bat antolatu dute, eta 12:00etan ipini dute hitzordua Bermeoko Kafe Antzokian.
Ilaski Serrano bermeotarrak gidatuko du jaialdia, eta Patxin eta Potxin pailazoen emanaldiak girotuko du jaia. Guraso batzuek, gainera, euren umearen bertsoa irakurteko aukera izango dute. Ondoren, Bermeoko alkatearen eta Euskara zinegotziaren eskutik jasoko dute gurasoek liburua.
Jaialdiari amaiera emateko, bertan bildutako guztiek familiako argazkia aterako dute.