HITZA aurrera!
500 herritar inguruk parte hartu dute eskualdeko euskarazko egunkari bakarraren aldeko manifestazio alaian; Busturialdeko herri guztietako jendea batu du HITZAren aldeko eskariak
BUSTURIALDEKO HITZA egunkariaren aldeko mezuak hartu zituzten atzo eguerdian [2007-02-10]Gernika-Lumoko kaleek. Izan ere, HITZA aurrera! lelopean, 500 lagun inguru batu ziren pankarta beraren inguruan. Helburua, eskualdeko udalek egunkaria lagundu dezaten eskatzea. «Erakunde publikoak ez daitezela oztopo izan herritik eta herriarentzat sortutako HITZArentzat. Mesfidantzaz hartu beharrean, begirunez hartzea dela gure erakundeen eginbeharra. Bermeo eta Muruetako udalek egin duten moduan, gainotzeko udalek ere HITZA diruz lagundu dezatela», esan zuten.
Merkurio iturriaren inguruan ekin zioten aldarrikapenari. Manifestazioa hasi orduko, eskualdeko zenbait dantzarik ohorezko aurreskua dantzatu zuten. Ondoren, manifestaziora batzeko deia egin zuten Santu Beltzak taldeko txalapartariek.
Jai giroa nagusi zen. Foruko Haitz Biribil elkarteko dultzaineru eta txistulariek bidea zabaltzen zuten heinean, Gerni- ka-Lumoko kaleak zeharkatzen hasi zen manifestazio jendetsua. Pankarta eusten, eskualdeko lau herriren errepresentazioa: Gernika, Forua, Ea eta Ibarrangelu.
Tinbalen hotsak alaitu zituen bazterrak. BUSTURIALDEKO HITZAko zenbait lankidek ere festa giroa sortu zuten kalejiran, euren mozorro eta txistuekin.
Harpidetzen beharra. Herrian zehar ibilbidea egin ostean, udaletxe aurrean amaitu zen manifestazioa. Amaia Uribe bertsolariak bertara bi dutakoen nahi eta helburuak laburbildu zituen: «Urtea eman du HITZAk gure artean, eta ondo dakigu, eskualdeak eta euskarak zenbat irabazi duten denbora tarte horretan. Eskualdeko errealitatearen ispilua da HITZA. Egunkari plurala eta orekatua. Asko eta askotarikoen plaza izategatik, eta eskaintzen digun euskarazko informazio zerbitzuagatik, ezinbes- jotzen dugu egunkaria gure artean egunero egotea».
Egunkariaren egoera ekonomikoa ere aipatu zuen Uribek eta, era berean, aurrerantzean egin beharrekoa zehaztu zuen: «Etxe gehiagotara heltzeko ahalegina egin behar da. Har- pidetzak egitea da HITZAri la- guntza emateko modurik onena. HITZA gure etxeetan irakur- tzea; lantegietan, eskoletan, tabernetan, autobusean, komunean, dendetan, liburutegian, ileapaindegietan, Busturialdeko herri guztietan».
Bertara bildutakoen txaloen artean, Astra eta Trinkete antitxokoko kontzertuetara joateko deialdia egin zuen Uribek.
INKESTA Zergatik etorri zara gaurko manifestaziora?
– HAIMAR AREJITA (GATIBUKO KIDEA): «Udalen jarrera lotsagabea delako. Udal batek euskarazko honelako egunkari bati dirurik ez ematea lotsagabekeria bat delako etorri naiz. Hori da arrazoia».
– JON LEZAMA (ARBOLAPERA): «HITZA proiektua bultzatzeko. HITZA proiektua bultzatzeko, amaitu ez dadin. Ia proiektu hau bultzatzeko diru-laguntza batzuk lortzen diren».
– EMERITA CUELLAR (ELA): «Euskara sustatzea garrantzitsua delako. Euskara sustatzea garrantzitsua delako. ELAko kidea naiz, eta hau bultzatzen ari gara kultura babestea garrantzitsua delako».
– ENERITZ ARTETXE (ANTZEZLEA): «Honelako ekimenak babestu behar dira. Hitza babesteko. Egunkari hau oso ondo dagoela uste dut. Batez ere, euskaraz delako. Honelako ekimen kulturalei babesa eskaini behar zaiela uste dut».
– URTZI LEGINETXE (HAITZ BIRIBIL): «Euskarazko egunkaria behar da. Guk, Haitz Biribilen izenean, uste dugu euskarazko egunkari bat egon beharduela eskualdean eta euskara bultzatzen dugu. Beraz, babesa ematera etorri gara».
– JOSEBA I. UNANUE (EUSKERAZ BERBETAN): «HITZA defendatu behar delako. Argi dago. HITZA kolokan dago, eta berau defendatu behar da. HITZA mantentzeko ahalegin guztiak egin behar dira».
– KOLDO LEZAMIZ (URDAIBAIKO GALTZAGORRIAK): «Herri bakoitzak bere identitatea duelako. Herri bakoitzak bere identitate propioa duelako. Identitate horietako bat hizkuntza da, eta euskararen alde egiteko etorri naiz».
– JULEN KALTZADA (EUSKALTZALEA): «Gazteek deitu gaituztelako. Gazteek deitu gaituztelako. HITZAk aurrera egin behar duelako. Erakundeek laguntzarik ematen ez badiote presioa egin beharko dugu».
– DABID ZELAIAZUGADI (GERNIKA-LUMO): «HITZAri babesa emateko. BUSTURIALDEKO HITZAri babesa emateko egunkari hau komunikazioaren ikuspegitik garrantzitsua delako. Ez dago besterik, hori da hona etortzeko arrazoia».
– JOSE LUIS BILBAO (BERMEO): «Egunkari hau beharrezkoa delako. Eskualdean euskarazko egunkari bat izatea beharrezkoa delako. Herriko eta eskualde guztiko berriak jasotzeko balio du BUSTURIALDEKO HITZAk».
– ANABEL ISPIZUA (GERNIKA-LUMO): «HITZAren aldekoa delako. BUSTURIALDEKO HITZA egunkariaren aldekoa delako etorri naiz gaurko manifestazio honetara. BUSTURIALDEKO HITZA egunkaria oso beharrezkoa dela iruditzen zait niri».
– MARTIN LAKA (IBARRANGELU): «Laguntza emateko etorri naiz gaur. HITZA proiektuari laguntza emateko etorri naiz gaur manifestaziora. Nire ustez, BUSTURIALDEKO HITZA beha- rrezkoa den proiektua eta merezi duen proiektua da. Horregatik, batez ere».