Ibilbideen zehaztasunak ematen dituzte auzoetan jarri dituzten informazio panelek
Busturiarrek eta bisitariek modu osasuntsu batean udalerria, natura eta ondarea ezagutzeko bost ibilbide dituzte aukeran. Ibilbide horiek Busturia barrutik ezagutzeko aukera eskaintzen dute, “mugikortasun jasangarria eta osasungarria bultzatuta”.
Busturia barrutik ezagutzen ez den herria dela dio Busturiko alkate Miren Fatima Malaxetxebarriak. Hala, erronka horri heldu diote: “Gernika-Lumo eta Bermeo artean egonik, jendea errepidetik pasatzen da, baina Busturia Busturialdeko eta Biosfera Erreserbako bihotza da, eta merezi du barrutik ezagutzeak”. Hori aintzat hartuta, agintaldi honetan Busturia barrutik ezagutzera emateko jarduerak antolatzen saiatu izan direla adierazi du alkateak.
Izenak berak dioen legez, Busturia bost auzotan banatuta dago. “Gauzak ikusteko, hemen kale gutxi ditugu; bideak dira guk herrian ditugunak”. Hortaz, bide horiek atontzea erabaki zuen udalak, Busturia barrutik ezagutzeko aukera emateko. “Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak deialdi bat egin zuen iaz, herrietako ibilbideak kirolarekin lotzeko asmoz. Diru laguntza hori zegoela aprobetxatuta, proiektu bat idatzi genuen, eta bost ibilbide prestatu genituen”.
Busturia barru-barrutik ezagutzeko aukera ematen digute. Naturagune desberdinetara hurbiltzeko aukera ematen dute, eta baserri eremu nagusiak, padura, basoak eta errekak zeharkatzen dituzte”
Ibilbideak errazak direla dio alkateak, edonork egiteko modukoak. Kirola bultzatu bai, baina Busturia erakusteko ere balio dutela dio Malaxetxebarriak. Izan ere, “Busturia barru-barrutik ezagutzeko aukera ematen digute. Naturagune desberdinetara hurbiltzeko aukera ematen dute, eta baserri eremu nagusiak, padura, basoak eta errekak zeharkatzen dituzte”.
Gainera, bidean aurki daitezkeen elementu historikoak, etnografikoak eta bestelakoak seinaleztatuta daude ibilbideetan zehar. Hala, osasuntsuak izateaz gain, udalerria eta bere ondare naturala, kulturala eta paisajistikoa ezagutzeko aukera eskaintzen dute.
Ibilbide zirkularra
Bost ibilbide horiek auzo guztiak zeharkatzen dituzte, eta guztiek ibilbide zirkularra egiten dute, aukera ezberdinak aurkeztuta: “Edozein lekutatik hasteko aukera ematen dute, eta bata bestearekin lotzeko aukera ere badago. Bakoitzak gura duen modura egin dezake txangoa, nork bere ahalmena kontuan izanik”.
Ibilbideak nondik nora doazen jakiteko, gainera, auzo guztietan informazio panelak jarri dituzte. Ibilbide guztiak, bestalde, gezi horiekin markatuta daude, eta, beraz, “inor ezin daiteke galdu”. “Errazak” direla dio alkateak, gehienez jota bi ordukoak: “Ibilbide bakoitzaren denbora eta malda zehaztuta daude informazio paneletan”.
Edozein lekutatik hasteko aukera ematen dute, eta bata bestearekin lotzeko aukera ere badago. Bakoitzak gura duen modura egin dezake txangoa, nork bere ahalmena kontuan izanik”
“Uste dut bertoko jendeak gutxi gorabehera ezagutzen dituela ibilbide hauek, baina orain arte ez dira seinaleztatu egon, eta, hortaz, agian ez dira ausartu lekuetatik sartzen. Orain, baina, dena modu egokian jarrita daukagu”, esan du alkateak.
Kasu batzuetan, gainera, bide zatiren bat erosi behar izan dutela azaldu du, “lotura guztiak ondo eginda egoteko, eta dena barrutik egin ahal izateko, errepide orokorrera irten barik”.
Guztien eskura
Azken urteetan, seinaleztatutako ibilbideak turismo iraunkorra egiten dutenentzako tresna bihurtu dira herriak ezagutzerako orduan. Turismoa aktiboa eta ekologikoa ahalbidetzen dutela dio Malaxetxebarriak.
Busturiko paraje desberdinak ezagutzeko aukera ematen duten bost ibilbide horien berri hainbat lekutan aurki daiteke. Busturiko turismoko webgunetik (
www.busturiaturismo.com), esaterako, telefono mugikorretara deskargatu ahalko da informazio guztia, formatu desberdinetan. Bestalde, mendizaleek gehien kontsultatzen dituzten webguneetan ere horien berri ematen da:
es-wikiloc.com eta
ibilbideak.euskadi.net.
Bost ibilbideak
San Kristobaleko hareatza.
- 30 minutuko ibilbidea.
- 5 metroko malda.
- Izen bereko auzotik abiatuta eta trenbidea zeharkatu eta gero, dragatze lanen ondorioz sortutako hareatzan sartzen da ibilbidea. Padura ikusten da bertatik. Ibilbidean zehar bertako hegaztiak ezagutzeko behatokia eta informazio panelak daude.
Axpe-Itsasbegi-Abiña.
- Ordubeteko ibilbidea.
- 50 metroko malda.
- Busturiko mahats parren ibilbidearen erdia hartzen du proposamen honek. Axpe, Itsasbegi eta Abiñako auzuneak batzen ditu. Ia une oro firme gogorretik doa eta ez du malda handirik. Busturiko baserri eremutik itsasora hurbiltzeko aukera eskaintzen du ibilbideak, kresalaz gozatzeko aukera emanez. Bidean zehar kultura ondare aberatsa dago.
Axpe-San Kristobal-Altamira-San Bartolome.
- Ordubete eta laurdeneko ibilbidea.
- 50 metroko malda.
- Busturiko mahats parren beste erdia hartzen du ibilbide honek. Axpe, San Kristobal, Altamira eta San Bartolome auzoak lotzen ditu, eta albo batera uzten du Madariaga Dorretxea. Busturiko kultura eta ondarea ezagutzeko ibilbide aproposa da, ondare anitza eta adierazgarria biltzen baitu.
Mape errekako ibilbidea.
- Ordubete eta 40 minutuko ibilbidea.
- 125 metroko malda.
- Auzo errepideak albo batera utzita, baso bideetan zehar ibiltzeko aukera eskaintzen du. Mape ur iturri garrantzitsua da busturriarrentzat; erreka eta erriberako basoaren birsortzeak premiazkoak dira ur kalitate ona bermatzeko. Hori lortzeko martxan jarritako ekimenak erakusten dira ibilbide honetan.
Axpe errekako ibilbidea.
- Ordubete eta 45 minutuko ibilbidea.
- 180 metroko malda.
- Axpe, San Bartolome eta Goiherri auzoak batzen ditu mendi ibilbide honek. Mahats parren landaketak atzean utzita, basoan sartzen da ibilbidea, herri bide zaharretik Goiherrira iritsi arte. Bidegurutze batera helduta, Larragora bide zaharretik igotzeko aukera eskaintzen du. Bide zahar batek lotzen zituen Axpe eta Goiherri, eta hari jarraituta Axpera bueltatzen da.