Iratxe eta Maite Barruetabeña saritu dituzte Mutrikuko VI. Kirol Galan
Kirolari onena saria jaso dute bi ahizpek. Kirol talderik onena Mutriku Errugbi Taldea izan da. Ibilbide onenaren saria Nekane Ituartek, Iñaki Agirrezabalagak eta Kosme Arrietak jaso duteHerriko kirolari zein taldeei «merezitako omenaldia» egin ziet...
Kirolari onena saria jaso dute bi ahizpek. Kirol talderik onena Mutriku Errugbi Taldea izan da. Ibilbide onenaren saria Nekane Ituartek, Iñaki Agirrezabalagak eta Kosme Arrietak jaso dute
Herriko kirolari zein taldeei «merezitako omenaldia» egin zieten barikuan Mutrikuko udaletxeko areto nagusian egin zen VI. Kirol Galan. Ekitaldiarekin, kirol munduan dabiltzan eta ibili direnei onespena eta eskerrak eman nahi izan zizkieten sari baten bitartez.Urtero bezala, lau sari banatu zituzten, eta horietako lehena Iratxe eta Maite Barruetabeña ahizpek jaso zuten.
Kirolari onena saria pozik jaso zuten bi ahizpek. Bizitza osoan hainbat kiroletan aritu izan dira, eta azken urteotan, pala txapelketan dabiltza jo eta ke. Garaitezinak direla agertu dute hainbat frontoitan, eta, besteak beste, Elgoibarko txapelketa irabazi dute azken bi urteotan jarraian. Duela hiru urte, berriz, Mutrikuko Neska Palistek Taldea osatu zuten herriko beste hainbat emakumerekin batera.
Atzetik, aurtengo Kirol talde onena jakitera eman zuten: Mutriku Errugbi Taldea. 80ko hamarkadan sortu zuten taldea, eta hainbat urtez geldirik egon ondoren, duela lau bat urte ekin zioten berriro ere proiektuari, ilusio handiz.
Herrigintzan egindako lana
Saria jasotzen hurrengoak, Nekane Ituarte, Iñaki Agirrezabalaga eta Kosme Arrieta mendi korrikalariak izan ziren; Kirol ibilbide onena saria jaso zuten hirurek.
Hainbat mendi lasterketetan emaitza onak eskuratu dituzte, eta Europako lasterketa esanguratsuenetan ere parte hartu izan dute, 100 milietan eta Chamonixeko ultra trailean, esaterako.
Azkenik, Aipamen berezia saria eman zioten Alberto Gorritiberea herriko komunikatzaileari eta herrigintzan diharduen langileari, «kirolaren inguruan eta herrigintzan egindako lan handiagatik».