Busturialdean inor ez dela «ilegala» aldarrikatu dute, Gernika-Lumon
Harrera Taldeak errefuxiatuek bizi duten egoera salatzeko agerraldia egin du asteburuan. Haien «oinarrizko beharrizanak asetzeko» lanean ari diraBusturialdeko Harrera Taldeak deituta, errefuxiatuek eskualdean bizi duten egoera salatzeko agerraldia eg...
Harrera Taldeak errefuxiatuek bizi duten egoera salatzeko agerraldia egin du asteburuan. Haien «oinarrizko beharrizanak asetzeko» lanean ari dira
Busturialdeko Harrera Taldeak deituta, errefuxiatuek eskualdean bizi duten egoera salatzeko agerraldia egin dute. Domeka goizean batu ziren, Gernika-Lumoko Batzarretxe ondoan.Hainbat taldetako ordezkariak bildu ziren. Azaldu zutenez, «urriaren 13an Gernika-Lumora etorritako errefuxiatuei beraien oinarrizko beharrizanak asetzeko elkarlanean» aritu izan dira, bai eragile eta taldeetako kideak bai eta norbanakoak ere. «Ongi Etorri Errefuxiatuak, Eztena, Astra eta Arrano Kultur Elkartea osatzen dugunok janari eta arropa bilketak egin ditugu eskualdeko herritarrekin batera, eta Bloke Laranjako etxebizitza bateko logelak eta sukaldea egokitu ditugu lagun errefuxiatuekin batera», adierazi zuten Busturialdeko Harrera Taldekoek.
«Kontziente gara miseria eta gerrek ez dutela etenik, eta bizimodu duin baten bila datozen lagunen kopuruak bere horretan jarraituko duela. Zoritxarrez, gaur gaurkoz herritarrok ez daukagu baliabide nahikoa oinarrizko bitartekoak eskaintzeko, harrera integral eta duina emateko. Inor ez da ilegala! Ozen diogu».
Testigantzak
Lobak taldeko kideak ere bertaratu ziren Batzarretxera. Adierazi zutenez, «Guernica bakarragaz nahikoa» izan dute, eta errefuxiatuei ongietorria eman nahi izan diete, «Gernika, behin bidegabekeriak suntsitutakoa, ongietorririk beroenaren habia» izango dela aldarrikatuz. Gainera, Josefina Redondori omenaldia egin zioten, loreak eskainita. Redondok 8 urte zituela bizi zuen Gernikako bonbardaketa, eta Frantziara ihes egin behar izan zuen.
Nadia Nemeh Busturialdean bizi den errefuxiatu palestindarren alabak eta Tamsir Ndoye errefuxiatu senegaldarrak hitz batzuk eskaini zituzten. Nemehk bere senideek Nakbako herrian bizitakoak azaldu zituen.
Ndoye joan den urtean hasi zuen esperientziari buruz aritu zen: «Marokora bizimodu hobeago bat bilatzeko asmoz joan nintzen. 2017an Senegaletik alde egin nuen, nire familia bertan utzita. Serigrafia alorreko enpresa batean lan egiteko asmoa izan nuen, baina gauzak okertu ostean, Europara etortzea erabaki nuen. Honaino heltzeko bidea ez da erraza izan».
Agerraldiagaz batera, Gernikako arbola zaharraren aurrean errefuxiatuek ezpata dantza egin zuten, harrera taldekoei esker ona erakusteko eta aldi berean Redondo omentzeko.
Busturialdeko Harrera Taldekoek jakitera eman zutenez, eskualdeko udalerriei «errefuxiatuekiko duten erantzukizunen abiapuntu jotzen duten bide orria helarazi diete». Horregaz, «gaurtik aurrerako elkarlana josteko» asmoa daukate.
Elkarlanean
Herritarrek prozesuan daukaten garrantzia ere aipatu zuten. «Bertakoak, kanpotarrak, emakumeak, haurrak, garbitzaileak, arotzak, errepide alboetako langileak, tabernariak, sukaldariak, irakasleak, musikariak, ikasleak, pentsiodunak, erizainak… elkarlanean baino ezingo diogu aurre egin gatazka honi. Euskaldunok ondo dakigu zer den gure herria atzean uztea, ihes egitea eta beste herrialde batzuetan errefuxiatuta egotea. Orain beste batzuk ere badira egoera horretan daudenak, beraz, gure historiari zintzo, kontzientziaz eta arduraz jokatzea dagokigu».
Abenduaren 22an (zapatua) egingo duten «kalejira zaratatsura» hurbiltzeko deia egin zuten. 11:00etan gosari solidarioa egingo dute Merkurion, eta 18:30ean emango diote hasiera kalejirari, Merkuriotik bertatik.