Busturialdeko Harrera Taldeak deituta,
errefuxiatuek eskualdean bizi duten egoera salatzeko agerraldia egin dute gaur goizean,
Gernika-Lumoko batzarretxe ondoan.
Nadia Nemeh errefuxiatu palestindarren alaba, senideek bizitakoa azaltzen.
Bertan hainbat taldetako ordezkariak bildu dira. Azaldu dutenez, “urriaren 13an Gernika-Lumora etorritako
errefuxiatuei beraien oinarrizko beharrizanak asetzeko elkarlanean” aritu izan dira, bai eragile eta taldeetako kideak, baita norbanakoak ere.
“Ongi Etorri Errefuxiatuak, Eztena, Astra eta Arrano Kultur Elkartea osatzen dugunok, eskualdeko herritarrekin batera, janari eta arropa bilketak egin ditugu, eta Bloke Laranjako etxebizitza bateko logelak eta sukaldea egokitu ditugu lagun errefuxiatuekin batera”, adierazi dute Busturialdeko Harrera Taldeko ordezkariek.
“Kontziente gara miseria eta gerrek ez dutela etenik, eta bizimodu duin baten bila datozen lagunen kopuruak bere horretan jarraituko duela. Zoritxarrez, gaur gaurkoz herritarrok ez dugu baliabide nahikoa oinarrizko bitartekoak eskaintzeko, harrera integral eta duina emateko. Inor ez da ilegala! Ozen diogu”.
Beraiekin batera,
Lobak taldeko kideak ere bertaratu dira batzarretxera. Adierazi dutenez, “
Guernica bakarragaz nahikoa” izan dute, eta errefuxiatuei ongi etorria eman nahi izan diete, “Gernika, behin bidegabekeriak suntsitutakoa,
ongietorririk beroenaren habia” izango dela aldarrikatuz. Gainera, Josefina Redondori omenaldia egin diote, loreak eskainita. Redondok 8 urte izan zituela bizi zuen Gernikako bonbardaketa, eta familiagaz batera Frantziara ihes egin zuen.
Testigantzak. Ondoren,
Nadia Nemeh Busturialdean bizi den errefuxiatu palestindarren alabak eta
Tamsir Ndoye errefuxiatu senegaldarrak hitz batzuk eskaini dituzte. Nemehk bere senideek Nakbako herrian bizitakoak azaldu ditu.
Ndoye, berriz, joan den urtean hasitako esperientziari buruz aritu da: “Marokora bizimodu hobeago bat bilatzeko asmoagaz joan nintzen. 2017an Senegaletik alde egin nuen, nire familia bertan utzita. Serigrafia alorreko enpresa batean lan egiteko asmoa izan nuen, baina gauzak okertu ostean, Europara etortzea erabaki nuen. Honaino heltzeko bidea ez da erraza izan”, adierazi du.
Agerraldiagaz batera, ekitaldi txiki bat egiteko aprobetxatu dute. Gernikako arbola zaharraren aurrean, errefuxiatuek
ezpata dantza egin dute harrera taldekoei beraien esker ona erakusteko.
Elkarlanean. Busturialdeko Harrera Taldekoek jakitera eman dutenez, eskualdeko udalerriei “errefuxiatuekiko duten
erantzukizunen abiapuntu jotzen duten bide orria helarazi diete”. Horrekin, “gaurtik aurrerako elkarlana josteko” asmoa dute taldekoek.
Herritarrek prozesu horretan daukaten garrantzia ere aipatu dute. “Bertakoak, kanpotarrak, emakumeak, haurrak, garbitzaileak, arotzak, errepide alboetako langileak, tabernariak, sukaldariak, irakasleak, musikariak, ikasleak, pentsionistak, erizainak… Herri mugimendua osatzen dugunok eta udal taldeetako kideak;
elkarlanean eta antolatuta baino ezingo diogu aurre egin gatazka honi“.
“Euskaldunok ondo dakigu zer den gure herria atzean uztea, ihes egitea eta beste herrialde batzuetan errefuxiatuta egotea. Orain beste batzuk ere badira egoera horretan aurkitzen direnak, beraz, gure historiari zintzo, kontzientziaz eta arduraz jokatzea dagokigu”, adierazi dute taldeko ordezkariek.
Datorren astean, abenduaren 22an, “kaleak astinduko dituen kalejira zaratatsura” hurbiltzeko deia egiteko aprobetxatu dute. Izan ere, 11:00etan gosari solidarioa egingo dute merkurion. 18:30etan emango diote hasiera kalejirari, merkuriotik irtenda.