Gabon giroan gogo handiz murgildu dira bermeotarrak

Atzo eman zioten hasiera Gabonetako egitarau zabalari. Kultur eta kirol jarduerek garrantzia handia edukiko dute. Ekimen solidarioak egingo dira

Urteko azken hilabetea iritsita, Gabonetako egitarauari hasiera eman diote Bermeon. Izan ere, atzo arratsaldean udal azokan bildu ziren herritarrak Gabonetako argiak pizteko ekitaldian.

Julen Urdaibai kirolari bermeotarra eta 25. urteurrena betetzen duen Xixili Gimnastika taldeko ordezkariak izan ziren argiak eta zuhaitza pizteko ardu- radunak. Udal azokan giro ederra sortu zen. Izan ere, Berazel elkarteak txokolate beroa eskaini zuen, eta Erroxape Martxa taldeak Gabonetako kanta emanaldia prestatu zuen.

Argiak pizteagaz batera eman die hasiera udalak Gabonetako jarduerei. Egitaraua joan den zapatuan aurkeztu zuen. Idurre Bideguren alkateak adierazi zuenez, herriko «kultura eta ohiturak, merkataritza, kirola eta ekintza solidarioak uztartzen dituen egitarau zabala» prestatu dute. Ume, gaztetxo zein nagusiek jarduera ezberdinetan parte hartzeko aukera edukiko dutela nabarmendu zuen.

Alkateagaz batera, Susana Regidor Kultura teknikariak, Nere Mintegi Behargintzako zuzendariak, Esti Arrizabalaga Musika Eskolako zuzendariak eta Gabonetako ekintzak antolatzen dituzten hainbat taldeetako ordezkariek aurkeztu zuten Gabonetarako egitaraua: Olentzeroren Laguntzaileak, Berazel, Budek elkartea, Eutsi Gogor, Danok batera, Minbiziaren aurkako elkartea, Demiku elkartea, Erroxapeko Martxa eta Txirrindularitza taldea ariko dira, besteak beste, elkarlanean.

Musika Eskolako zuzendariak azaldu zuenez, musikak protagonismo handia dauka Gabonetako egitarauan. Izan ere, hainbat dira jai egunetarako antolatu dituzten kontzertuak. Adibidez, abenduaren 18an, Musika eskolako taldeek kontzertua eskainiko dute Santa Maria Elizan, eta abenduaren 19an, Bermeoko Udalaren zaharren egoitzan eta Arrantzaleen Museoan kontzertu bana eskainiko dute.

Kirolak ere presentzia garrantzitsua edukiko du. Esaterako, etzi ohitura handikoa den mendi irteera egingo dute Burgora, Sollube 707 mendizale taldeak antolatuta. Zapatuan, bestalde, herriko hainbat taldek kirol erakustaldia egingo dute Artza frontoian, urtean egindako lana erakusteko.

Izotz pista

Berrikuntza garrantzitsuena izotz pista izango da. Pista Lameran egongo da. Abenduaren 28an irekiko dutela jakinarazi dute, eta urtarrilaren 6ra arte izango dute herritarrek erabiltzeko aukera. Egun osoan egongo da irekita, eta ordu erdiko txandak prestatuko dituzte, 2 euroko sarrera ordainduta. Nabarmendu dutenez, batutako dirua helburu solidarioetara bideratuko dute.

Izan ere, ekimen solidarioek berebiziko garrantzia hartuko dute datozen egunetan. Abenduaren 14an, esate baterako, Gabonetako ekitaldi solidarioa egingo dute, Txo Sevilla Dantza taldeak antolatuta. Horrez gain, elkartasuna eta kirola uztartzen dituen ekimena prestatu dute Gabon Zahar Egunerako. Bigarren urtez, San Silbestre lasterketa egingo dute; Eutsi Gogor, Danok Batera elkarteari lagunduko diote.
Ez dago iruzkinik

Send this to friend