Amorotoko txahal janak 400 lagun inguru elkartu ditu aurten
Urtero bezala, giro ederra ekarri du Amorotora Txahal Egunak. Telleria baserriko Zintzo txahala prestatu zuen Esteban Espillak hamaseigarren aldiz prestatu du aurten okela. Ander Ibarluzea Urbitxe-ren laguntza eduki zuen beste urte batez.Espillak gogor...
Espillak gogora ekarri zuenez, 230 bat lagunek parte hartu zuten lehenengoz egin zen txahal janean, joan den urtean, berriz, 450 inguru egon ziren, eta aurten 400 lagun inguru elkartu dira jatordura.
Gaueko txahalagaz gainera, Gabonetako janariak dastatzeko aukera ere eduki zuten amorotarrek eguerdian: karakolak, taloa eta txistorra, sagar saltsa, intxaur salda, arroz esnea, oilo salda… Borondatearen truke sabelak jaki goxoekin asetzeko aukera zabala. Esate baterako 4 kilo karakol prestatu dituztela jakitera eman zuten herritarrek. Arroz esnea berehala agortu zen, eta ilarak egin ziren karakolak eta taloa eta txistorra eskuratzeko.
Erakusketa eta azoka
Argazki zaharrak ikusi edota Goldaren Porran parte hartzeko aukera ere egon da aurten, eta Eskolako umeek PINeko lehiaketara bidaliko duten Olentzero eta Mari Domingiren panpina jarri zuten frontoiko atarian ikusgai. Kanpoan, berriz, animalien azoka egon zen.
Eguerdiko giroa Izarra eta Naiara trikitilariek alaitu zuten, afalostea girotzeaz, berriz, Jokaldi taldeko kideak arduratu ziren.