Zenbait
hizkuntza komunitateko ordezkariak batu ziren Bermeon joan den astean. Besteak beste guarania, nasa, ketxia, nahuatla, kitxea eta amazigh hizkuntzetako ordezkariak egon ziren.
Zehazki, Garabideko Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak unibertsitate mailako aditu tituluan parte hartzen ari diren herri indigenetako bederatzi kide, antropologia ikasketak egiten ari den kide bat eta Garabide elkarteko lehendakaria eta teknikaria egon ziren ekitaldian
euskararen inguruan aritzeko eta Bermeoko Udalaren lana euskararen alorrean ezagutzeko.
Garabide elkarteko ordezkariak, Bermeoko Udaleko kideekin batera. Argazkia: Bermeoko Udala
Beraiekin Idurre Bideguren Bermeoko alkatea, Juan Karlos Agirre Euskara zinegotzia eta Maite Alvarez Euskara teknikaria bildu ziren. Alvarezek udalak azken lau hamarkadetan bideratu duen
hizkuntza planifikazioa eta hizkuntza politika partekatu azaldu zien aditu tituluko kideei.
Saioan euskara planen oinarri metodologikoak eta prozesuak izan duen bilakaera eta ezaugarriak landu zituzten, baita arrakastarako gakoak eta planifikazioan izaten diren zailtasunak ere. Horrez gain, ekitaldian udalak Bermeori begira bideratzen dituen egitasmoen berri eman zizkien eta Behargintzan, hizkuntza ohituretan eragiteko, Eusle metodologia erabilita egiten ari diren jarduera aurkeztu zizkien, Behargintzako zuzendari eta teknikariekin batera.
Hikuntzen berreskurapena. Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroa Garabidek gauzatzen duen formazio proiekturik “garrantzitsuena” da, hizkuntzen berreskurapen arloan munduan egiten den bakarrenetarikoa. Hizkuntza berreskurapenaren inguruan lanean ari diren herri indigenetako
erakundeak indartzera bideratuta dago formazioa.
Euskal esperientziaren eta hizkuntzaren berreskurapenerako gakoen gaineko formazioa eskaintzen dizkie munduko hizkuntza komunitate gutxituetako ordezkariei, ondoren euren prozesuaren protagonista izan daitezen.