Gaur elkartuko da Transferentzien Batzorde Mistoa. Eskumenei dagokienez, Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Lakuari eta Monkloari eskatu die “falta diren guzti-guztiei hel diezaietela”.
“Espero dugu behingoz itxitako bidea irekitzea, eta bi gobernuek egutegi zehatz bat ezartzea, transferitzeke dauden eskumen guztiak ekartzeko. Guzti-guztiak. Estatutuan daude, lege dira, eta guri dagokigu: gizarte honi eta bere erakundeei”, adierazi zuen atzo Ortuzarrek.
Alderdia sortu zuteneko 115.urteurrenean, Sabino Aranaren omenez, Sukarrietan ekitaldia egin zuten EAJko ordezkariek, atzo.
Besteren artean, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Josu Erkoreka, Estefania Beltran de Heredia, Cristina Uriarte, Beatriz Artolazabal eta Jon Darpon sailburuak eta Euzkadi Buru Batzarreko burukideak egon ziren Sukarrietan. 1.000 pertsona inguruk hartu zuten parte topaketan. Sabino Aranaren hilobiaren aurrean lore-eskaintza egin zuten lehenengo, eta jarraian, mezan elkartu ziren.
Argazkia: EAJ.
Ekitaldira bertaratutakoek minutu bateko ixilunea egin zuten
indarkeri matxistak erahildako emakume guztien oroimenez. Hain zuzen, indarkeria matxistaren kontrako mezua helarazi zuten ekitaldian: “Irmotasun osoz baztertzen ditugu emakumeen aurkako indarkeria-adierazpen guztiak, edozein modutakoak, eremu guztietan eta edozein dimentsiotan.Emakume bakar batek ere ez duela tratu txarrik merezi, eta ez dagoela ezer ez inor emakume baten aurkako indarkeria justifikatzen duenik”.
Bestalde,
Euskaraldiagaz bat egitera gonbidatu zituzten herritarrak. Ortuzarrek Sabino Aranaren izaera “linguista eta euskaltzalea” aldarrikatu, eta esan zuen, euskararekiko konpromisoa delaa EAJk hartutako lehen konpromisoa.
Sukarrietako bizilagunek EAJko ordezkarien etorrera aprobetxatu zuten “Abiña auzoaren galera” salatzeko
elkarretaratzea egiteko.
Euskal Aurrekontuen negoziazioaz ere aritu zen Ortuzar. PP eta Podemos Legebiltzarraz haratagoko kontuengatik “baztertutzat jo”, eta horiek ez dutela “inolako zerikusirik euskal herritarrentzako onurarekin” esan zuen. Aurrekontuak onartzeko akordioa lortzeko Jaurlaritza “lan mardula” egiten ari dela zehaztu zuen. “Gauzak horrela, Bilduren esku dago. Onartuz gero, aurrekontu sozialagoak izan daitezke: inoiz izan dugun aurrekontu onena. Nahiko genuke Nafarroan posible izan den moduko akordio bat. Errealismorako garaia da, bizi dugun une politikoaren irakurketa egokia egiteko garaia”.
ETAren desagertzea hizpide izan zuen: “EAJ ordezkatzeko jaio zen ETA. EAJren aurka jaio zen. Hirurogei urte pasata, min asko egin ondoren, eurek egin dute porrot. Porrot politikoa, eta batez ere, porrota Herri hau ordezkatzeko asmoan. Eurek bazekiten nola askatu Euskadi. Hirurogei urte igarota, Euskadiri ekarri dioten askapen bakarra desagertzea izan da. ETAz askatu gara betiko”. Alderdiaren ildoa berresten dutela esan zuen. “Agirre eta Leizaola lehendakariek arrazoi izuten. Juan de Ajuriagerrak eta Xabier Arzallusek arrazoi zuten. Ardantza eta Ibarretxe lehendakariek arrazoi zuten. Eta orain, ETA gabe, Iñigo Urkullu Lehendakariak eta geuk guztiok gure bidea egin beharra daukagu”.