Osasun Kioskoa programa ezarri duen lehen udalerria da Ondarroa
Adin guztietako herritarrei zuzendutako zerbitzua doakoa da. Erabiltzeko interesa daukatenek aurretiaz eskatu behar dute txanda, 94-603 60 63 zenbakira deitutaMetabolismo basalaren datuak hartzeko, Osasun Kioskoa deitutako programa aurkeztu dute Ondarr...
Adin guztietako herritarrei zuzendutako zerbitzua doakoa da. Erabiltzeko interesa daukatenek aurretiaz eskatu behar dute txanda, 94-603 60 63 zenbakira deituta
Metabolismo basalaren datuak hartzeko, Osasun Kioskoa deitutako programa aurkeztu dute Ondarroako Maskulo Etxean dagoen Eguneko Zentroan. Programa IMQ Igurcok jarri du abian, eta Ondarroa programa ezarri duten Bizkaiko lehenengo udalerria da. «Hipertentsio arteriala eta bihotzeko gutxiegitasuna izateko arriskua gutxitzeko asmoagaz, Bizkaian aitzindaria den programa bat abiarazi du Ondarroan IMQ Igurcok, Ondarroako Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz».Maskulo Etxeko bi profesionalen laguntzagaz, tentsioa, taupadak, oxigeno asetzea eta pisua doan neurtzeko aukera edukiko dute herritarrek, «baita bizi ohiturei buruzko osasun galdetegi bat erantzuteko ere». Jasotzen diren datu guztiak programak aztertu eta mediku batek ikuskatuko ditu, eta, bide batez, bihotzeko arrisku mailaz ohartaraziko du erabiltzailea, «hala balegokio, osasun zerbitzura joan dadin». Aldi berean, medikuak emaitzak baloratu eta txosten bat egingo du, dagokion osasun gomendioagaz batera.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak azpimarratu duenez, Ondarroan zahartze aktiboaren alde ari dira lanean, 60 urtetik gorako herritarrek kirola eta jarduera sozial eta kulturaletan jarrera aktiboa izan dezaten. «Norberaren zaintzan urratsak emateko inflexio puntua izan da Eguneko Zentroa. Makina hauei esker datuak erraztasunez lortuko ditugu, eta autonomia eta lasaitasuna ekarriko die horrek herritarrei».
Astelehenetik barikura
Rakel Elu Bengoetxea Ondarroako Gizarte Ongizate arduradun eta Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakariaren arabera, eskualdeko herri guztietan sustatu beharko lirateke mota horretako ekimenak.
Iñaki Artaza mediku geriatra eta IMQ Igurcoko Asistentzia zuzendariaren iritziz, Osasun Kioskoak programa pertsonalizatua eskaintzen du. «Ondarrutarrentzat irisgarria da, herriaren erdi-erdian baitago Eguneko Zentroa». Zerbitzua eskuragarri dago astelehenetik barikura, 10:00etatik 17:00etara. Hori bai, zerbitzua erabili nahi dutenek nahitaez aurretiaz eskatu beharko dute txanda, 94-603 60 63 telefono zenbakira deituta.
Artazak, gainera, hipertentsioa eta bihotzeko gutxiegitasuna saihesteko duen garrantzia azpimarratu du, batez ere, adinekoen artean, baina ez horiengan bakarrik. «Euskadin hipertentsio arterialaren prebalentzia %21 (45-64 urte bitartekoak) eta %51 (65 urtetik gorakoak) artean dabil. Hipertentsio arteriala gaixotasun kardiobaskularren barruan dago, eta Euskadin heriotzen %26,92aren zergatia dira».
Ohartarazi duenez, hipertentsio arteriala duten hirutik bati ez zaio gaixotasuna diagnostikatu, «hipertentsioak, lehen faseetan, ez duelako sintomarik». Eta hipertentsioa duten hirutik batek, aldiz, ez du ondo betetzen tratamendua edo ez du kontrol egokirik. «Horregatik, Osasun Kioskoa abiarazi izanak ondarrutarren osasunean ondorio positiboa izan dezakeela deritzogu».
Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiko Autonomia Pertsonala Sustatzeko zuzendariak, azkenik, «zelan zahartzen garen, gure bizia zelan bizitzen dugunaren arabera baldintzatuta» dagoela gogora ekarri du. «Gaixotasun kroniko bat dutenentzat oso garrantzitsua da osasunaren ahalduntzea, menpekotasuna saihestea eta neurketak egitea. Modu horretan ez dituzte ondorioak jasango eta gaixotasuna kontrolatuko dute».
Batzordearen lana, kalera
Danon Ondarru! sentsibilizazio kanpainaren barruan, bestalde, Gizarte Ongizate batzordea osatzen duten taldeek egiten duten lana ezagutzera eman zuten domeka eguerdian, Gurutze Gorriagaz batera.
Arnasa, Alzheimer Ondarru, Gorabide eta Antiguako Ama elkarteko kideak Alamedan batu, eta euren informazio txostenak azaldu eta helarazi zizkieten herritarrei, giro ederrean. Udal iturriek azaldu dutenez, herritar asko hurreratu zen taldeengana informazio eske.
Aldi berean, ate irekien jardunaldia egin zuen Gurutze Gorriak Itsasaurren, eta han ere nahikoa jende batu zen. Bizpahiru anbulantzia, itsas salbamenduko ontziak eta motorrak ipini zituzten ikusgai, eta herritarrek hurbil-hurbiletik ikusteko aukera ere eduki zuten. Umeek ondo pasatzeko, puzgarriak ere jarri zituzten.