Talde gernikarrak 21-42 galdu zuen
VRAC Quesos Entrepinares taldearen kontra, zapatu arratsaldean.
Valladolideko taldeak aurkari indartsua dela eta lidertza eskuratzeko borrokan dagoela erakutsi zuen beste behin. Hain zuzen, sailkapeneko bigarren postuan dago, 29 puntugaz. Sanitas Alcobendas Rugby liderrak 33 puntu ditu.
Gernika RTk
azken aurreko postuan jarraitzen du, 11 puntugaz. Puntu bat gutxiago dauka Complutense Cisneros sailkapeneko azkenak.
Argazkia: Anuar Gomez.
Berdintasun handiagaz hasi zuten zapatuko norgehiagoka. Baina, berehala VRAC bere erasoko joko indartsuaren zertzeladak uzten hasi zen. Entsegua egiteko gertu egon zen, baina, lehen puntuak zigor kolpe bigaz lortu zituen (0-6). Jokoan
parekotasunagaz jarraitu zuten bi taldeek. Nico Martinezen jokalariak puntuak eskuratzeko ahaleginean ari ziren, baina, aurkarien defentsa gainditzea kostatzen zitzaien. Diego Merinoren mutilek ez zituzten arrisku jokaldi asko sortu, baina, sortzen zituztenak ondo aprobetxatzen zituzten. Etxekoak, ostera, ezin asmatu zebiltzan.
Valladolideko taldeak
bi entsegua egin zituen tarte laburrean, markagailuko aldea nabarmen handituz: 0-21. Hala ere, aurkariaren bigarren entsegu horren segidan heldu zen etxekoen lehen entsegua. Matias Frutosek eta Lander Gomezek borobildu zuten aipatu jokaldia. Lehen zatiko azken minutuetan, puntu gehiago lortu guran, basurdeak espainiarrak estutzen zebiltzan.
7-21eko markagailuagaz ailegatu ziren
atsedenaldira. Bigarren zatia hasita, Francisco Montes eta Imanol Zelaya barik geratu zen etxeko taldea; txartel horia ikusi zuten. Zelaiko nagusitasunaren ondorioz, VRAC-ek beste bi entsegu egin zituen. Ia 30 puntuko aldeagaz (7-35), markagailua berdintzea ez zen lan erraza, baina, horretan ahalegindu ziren basurdeak, eta bigarren entsegua egin zuten. Orduan, joko biziagoa erakutsi zuten etxekoek. Hala ere, aurkariek beste entsegu bategaz erantzun zieten: 14-42.
Partidua erabakita egon arren,
erasoko puntu gehigarria eskuratzea zen etxeko taldearen helburua. Facundo Epinal eta Palisaren arteko jokaldi batean hirugarren marka egin zuten talde gernikarrak, eta partidua amaitzear zela laugarrena egiteko zorian egon ziren.