Lurgorri auzoan egingo dute Milla Herrikoia, zapatuan

1984. urtetik hutsik egin barik ospatu dute Gernikako Milla. Aurten, baina, lekualdaketagaz dator. Herrigunetik (Artekale eta Adolfo Urioste kaleetatik) Mestikabaso kalera pasatu dute lasterketa.

16:00etan hasiko da. Udalerriko bost ikastetxeetatik, gutxi gorabehera 450 ikaslek izena eman dute. Alabaina, kategoria nagusietakoek zapatuan bertan eman behar dute izena, 16:00etatik aurrera.

Arin Arin taldea ari da azken urteotan proba antolatzen, eta bertako arduradunen berbetan, estreinatuko duten Mestikabasoko zirkuituan 500 bat korrikalarik parte hartzea espero dute. Halaber, 1.500 ikusle inguru batuko direla aurreikusi dute. “Ikastetxeetako neska-mutilenak gutxi gorabehera 25-30 lasterketa izango dira. Kategoria nagusietakoenak izango dira arratsaldeko azken lasterketak”.

gernikako milla

Umeak iazko Millan.

Zirkuitua teknikoki oso ona dela azaldu dute, “lautada polita dela”.

Lau mailatan banatu dituzte partaideak: aurrebenjaminak, benjaminak, alebinak eta ume, kadete, gazte, junior, senior eta beteranoak. Azken kategoria horretan izen emateen arabera zehaztuko dituzte txandak: “Printzipioz ume eta kadete mailetakoek elkarrekin egingo dute arineketan, beste txanda batean egongo dira gazteak eta juniorrak, eta azken txandan senior edo absolutuak eta beteranoak. Hala ere, azken horiek gutxi badira, agian gazte eta juniorrekin aterako dira. Espero dugu Bizkaiko korrikalariak ere hurbiltzea”.

Milla herrikoia indartu gura dutela adierazi dute antolatzaileek. Bizkaia mailako lasterketa garrantzitsua izatea da euren asmoa. Beti ere esentzia galdu barik, proba sendotzea eta indartzea. “Apurka-apurka indarra hartzea gura dugu, eta urteekin lortuko dugula uste dugu. Baina, gazteen eta eskolarteko milla herrikoia izateak dakarren esentzia galdu barik. Garai batean iraupen-erdiko Bizkaiko eta Euskadiko atleta onenak etortzen ziren. Gero pixkanaka galtzen joan zen”.

Sariak. Parte hartzaile guztiei domina bana emango diete. Horrez gain, kategoria nagusienetako lehenengo neskentzat eta mutilentzat kopak egongo dira. Beterano eta senior kategorietako irabazleek sari bereziak izango dituzte. Beterano mailako azkarrenek bi lagunentzako afaria jasoko dute Zallo Barri jatetxean. Seniorretakoek, berriz, Ai Ene tabernan bi lagunentzako afaria irabaziko dute.

Antolakuntzatik jakitera eman dutenez, 15:30ean itxiko dute Mestikabaso kalea, eta 19:00-19:30 aldera zabaldu ahal izatea aurreikusi dute. Auzotarren zein auzoko ostalarien partetik izandako laguntza azpimarratu dute antolatzaileek.

DISTANTZIAK:

  • Aurrebenjaminak: 167 metro
  • Benjaminak: 334 metro
  • Alebinak: 721 metro
  • Ume, kadete, gazte, junior, senior eta beteranoak: 1609 metro

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend