Kerman Lejarraga morgarra Basque Team fundazioan sartu da

Goi mailako euskal kirolariak batzen dituen taldeko kidea izatea erabaki du Morgako errebolberrak. Aukera hau izateagatik “pozik eta eskertuta” dagoela adierazi du. “Eliteko kirolarion bidea gogorra da, eta Basque Team-ek eskaintzen dituen zerbitzuek ditudan erronkak modu errazagoan lortzen lagunduko dit”.

basque team

Argazkia: Basque Team.

Basque Team fundazioak eliteko kirol ez profesionaletako euskal herritarrei bekak ematen dizkiete. Boxeo profesional moduan hartzen bada ere, fundazioaren arduradunek esan dute gaur egungo kirolari handienetako bat taldearen parte izatea nahi dutela. Hala, irudi eskubideak jasotzen dituen kontratuta sinatuko dutela iragarri dute gaur Bilbon egindako agerrraldian.

Mampo gimnasioan egin duten agerraldian eman dituzte azalpenak. Lejarragak boxeoa “bere urrezko arora bueltatu” duela azpimarratu dute. Izan ere, bere jarrerak eta profesionaltasunak zale asko erakarri ditu, eta boxeoa gustuko dutenengan ilusioa piztu du. “Bere kirol balioengandik, sakrifiziorako gaitasunagatik eta profesionaltasunagatik nabarmentzen da”. Halaber, bere lanagaz eta inguruagaz duen konpromisoa goraipatu dituzte.

2013ko maiatzean Bilboko Casillan profesionaletan debutatu zuenetik, geldiezin jarraitzen du morgarrak. Dena irabazi du; lehiatutako 26 borroketan nagusitu da, eta horietatik 21etan KOz garaitu du aurkaria. Welter pisuko egungo Europako Txapelduna da. Apirillean Miribilla Arenan lortu zuen titulua, bigarren borrokaldian KO teknikoz Bradley Skeete ingelesa garaituta. Azaroaren 17an (zapatua) Europako titulua defendatuko du Barakaldoko BECen. Frankie Gavin ingelesaren kontra ariko da zein baino zein gehiago. Lejarraga da faboritoa, eta ingelesak urte eta erdi darama borrokatu barik. Bertara joateko autobusa jarri dute Morgatik, eta azaroaren 9ra (barikua) arte apuntatu ahalko da udaletxean. 5 euro ordaindu beharko dira horretarako. Autobusa 21:00etan aterako da Andra Mari auzotik, eta goizaldeko 02:00ak aldera bueltatzea aurreikusi dute.

Nazioarteko Boxeo Federazioaren (International Boxing Federation) zerrendan bosgarren postuan dago. Munduko Boxeo Erakundekoan (World Boxing Organization) laugarrena da, eta Munduko Boxeo Elkarteko ranking-ean (World Boxing Association) zortzigarren dago.

agerraldia

Jon Rekondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirolaren zuzendaria, Kerman Lejarraga, Olatz Legarza Basque Team-eko koordinatzailea eta Bartolome Torralba Euskal Boxeo Federazioaren presidentea gaur, Bilbon.
Argazkia: Basque Team.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend