Euskarari buruz hausnartzeko, iritziak trukatzeko eta eztabaidatzeko plaza bihurtuko da Portugalete, azaroaren 10ean

Topa Gaitezen Bizkaiko gazte euskaltzaleen topaketa egingo dute gaur zortzi, eta bertaratzeko deialdia egin dute eguerdian, Gernika-Lumon. Hain zuzen, eskualdez eskualde aurkezpenak egiten aritu dira, eta gaurkoa izan da azken agerraldia.

Euskaraz eta euskaratik, iritzi-trukaketa, hausnarketa eta eztabaida plazaratuko dituzte Portugaleteko Merkatuan, azaroaren 10ean. Topaketaren antolatzaileen berbetan, lehen aldia da Bizkaiko gazteria aktiboa euskararen inguruan hitz egiteko batuko dena.

Bizkaiko errealitate desberdinak barnebildu gura dituzte, eremu euskaldunetakoak zein eremu ez euskaldunetakoak, eta hortik abiatuta, euskalgintzaren erronkei buruz berba egingo dute. Gogora ekarri dute deialdi irekia dela: “Euskararekiko afekzioa duen edozeini zuzenduta dago topaketa. Hau da, euskararen inguruan pentsatu, kezkatu, amorratu edota interesa duten guztiei parte hartzeko gonbidapena luzatzen diegu”.Gernikako aurkezpena

Elkar ezagutuz, “euskararen borrokari atxikimenduak” lortzeko eta egitasmo praktikoak sortzeko asmoa dute. Euskara tresna eraldatzailea izan daitekeela argi dute, bai eta Euskal Herria eraikitzeko beharrezkoa dela ere. “Amesten edo sinisten dugun Euskal Herri horren ardatza edo oinarria izan behar da euskara. Hizkuntza zapaldua da, eta gaur egun hezkuntza sistemaren mugak eta euskalduntze politikek dauzkaten mugak pairatzen ditugu”.

“Konplexurik barik” euskaraz aritzea ezinbestekoa dela iritzita, “problematika zehatzak” aztertu, eta horiei zein irtenbide eman ahal zaizkien hausnartu gura dute.

Egun osoko plana. Alkarregaz gosalduz hasiko dute goiza, eta hiru ataletan edo dinamikatan banatu dute eguna. Hasteko, lantaldeetan elkartuta euskarak biltzen dituen alderdiei buruzko gogoeta egingo dute. Jarraian, euskarak daukan balioari buruz jardungo dira. “Bizkaiko errealitatearen diagnostikoa egiten saiatuko gara. Ahulguneak eta indarguneak aztertuko ditugu, eta hortik gure helburuak zeintzuk izan behar diren zehaztuko dugu. Eta helburu horietara ailegatzeko Bizkaiko gazte mugimenduaren erronkak zeintzuk izan behar diren aztertuko dugu”.

Bazkaltzeko atsedenaldia hartuko dute, eta arratsaldean mahai inguruan batuko dira. Joxe Manuel Odriozola idazlea, Amaiur Renteria topaketaren antolatzaile eta gazte mugimenduko kidea eta Iñaki Etxarri Bilboko Euskaraldiaren koordinatzailea izango dira hizlariak. Gero, Bizkai mailako zein eskualdez eskualdeko eginbeharrak lortzeko bitarteko praktikoak zeintzuk izan ahal diren eztabaidatuko dute. “Komunitate bat bezala, nola aurrera eraman daitezkeen ikusiko dugu”. Euskalzaleon komunitatea sortzeko eta saretzeko egitasmo praktiko bat beharrezkoa dela azpimarratu dute. Topaketa borobiltzeko, musikak hartuko du Portugaleteko Merkatua.

Bonuak. Egun osorako bonuak salgai daude, 6 eurotan. Gernika-Lumon, adibidez, Ospa tabernan eskuratu daitezke.

Egun horretarako deialdia eginez, bost ikus-entzunezko prestatu dituzte. Bideo orokorraz gain, Kostaldea, Baserria, Fabrika eta Hiria izenburupean egin dituzte aipatu lanak.

Azaroaren 10eko egitaraua:

  • 10:00. Gosaria
  • 10:30-12:00. Euskararen errealitatea osatuz. (Nondik gatozen ezagutu nora goazen jakiteko)
  • 12:30-14:00. Zer gara euskaraz ari garenean? Euskara al da gure territorio libre bakarra?
  • 14:30. Bazkaria
  • 17:00-18:00. Mahai ingurua: Euskarak baditu mila aurpegi
  • 18:30-20:30. Eraikitzera bidean… Hiztunetatik komunitatea, komunitatetik herria /Mugimendua bagara, has gaitezen mugitzen.
  • 21:30. Kontzertuak: Ziztada & Rlantz eta Mugalari.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend