Euskarak bizia behar duelako izan

Gertu da azaroaren 23a; hainbeste prestakuntzaren osteko loraldiaren eguna. Hamaika lagunek egin dute Euskaraldiaren aldeko apustu, eta hasiak dira aukeratzen hamaika modu

Euskarak baditu mila kolore, mila adiera. Mundu eleanitzean, euskara bada hizkuntzen arteko bizikidetzan; batzuetan babestuago, beste batzuetan baztertuago.

Baina bizirik da; bizirik da garai batean –eta baita gaur egun ere– hala izateko lan egin zuten batzuei esker. Eta etorkizunean ere hala izango da; bai, behintzat, hala izan dadin nahi duen maitalerik badauka.

Erabilia behar du izan, defendatua eta errespetatua. Ikasteko aukera ere eduki behar da, eta, horretarako irakatsia ere izan behar da. Prest egon behar da; prest ikasteko, irakasteko, entzuteko zein erabiltzeko. Eta euskarak baditu prest diren horiek: ahobizi zein belarriprest izateko nahia dutenak.

Lan handia egin zen euskaraz aritzea batzuek begi onez ikusten ez zutenean, eta gaur gaurkoz ere asko dira euskal herritarren hizkuntzaren alde jarduten dutenak. Aurton, esaterako, indar berezia egin da, eta Euskaraldia ekimena jarri dute martxan. Hamaikakoak eratu dituzte: modu pertsonalean eta borondatez 11 egun euskaraz ekimenean parte hartzea erabaki duten 11 lagunez osatutako taldeak.
Azaroaren 23tik abenduaren 3ra gauzatuko dute Euskaraldia, baina horra orduko, motorrak berotzen dabiltza.

Beste hainbat herritan egin legez, Bermeon, Busturian eta Gernika-Lumon ere prestakuntza tailerrak egingo dituzte, 11 egun horietan rol bakoitzak zelan jokatu lantzeko eta norbere burua prestatzeko.

Bermeon, azaroaren 10ean (11:00-12:30) eta 15ean eta 21ean (18:00-19:30) emango dituzte Kabidxen. Busturian prestakuntza tailer arina antolatu dute: azaroaren 9an, 18:00etan, Altamirako kultur etxean. Gernika-Lumon, aldiz, Maria Agirre aretoan eskainiko dituzte tailerrok azaroaren 6an (17:00etan eta 18:30ean), 8an (17:00etan), 13an (17:00etan eta 18:30ean), 14an (10:30ean), 15ean (17:00etan eta 18:30ean) eta 20an eta 22an (17:00etan eta 18:30ean). Tailerrotan parte hartzeko aurretiaz izena eman behar da.

Bermeon, bestalde, astelehenean txapak banatzen hasiko dira, eta liburutegian, kultur etxean eta Kabidxen jaso ahalko da, azaroaren 22a orduko. Azaroaren 9an, gainera, Barry Manleyren bakarrizketak izango dira aukeran 19:30ean, Nestor Basterretxea aretoan.

Hitza eta 11barrri ere Euskaraldiagaz bat

Euskaraz jaio, euskara bizi eta euskara hedatzen jarraitu nahi dutelako, HITZAk eta 11barrik ere Euskaraldiagaz bat egin eta beraien hamaikakoa osatu dute. «Euskararen normalizaziorako bidean, eragile eta bitartekari gara, eta horrenbestez, eta euskaraz bizitzen jarraitu nahi dugulako, 11 egunetan euskaraz aritzeko ekimenean gure ekarpentxoa egingo dugu. Era berean, herritarrei ere dei egiten diegu ahobizi edo belarriprest izan daitezen, eta bakoitzaren aletxoagaz euskarari bultzada eman diezaiogun».

pnga_erakutsi-1

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend