Eibar eta Nabarniz lotzen dituen ibilaldia egingo dute, bihar
42. Eibar-Nabarniz ibilaldia egingo dute bihar. 06:00etan irtengo dira autobusean Nabarniztik, eta antolatzaileek azaldu dutenez, Gernika-Lumon geldialdia egingo dute jende gehiago batzeko. 07:00etarako Eibarrera ailegatzea aurreikusi dute, martxari ek...
Urtero modura, bi udalerriak lotuz, 28 kilometroko ibilbidea egingo dute. Besteren artean, Zengotitagane (826 metro), Oiz (1.029 metro), Ganbe (396 metro), Astorkigana (235 metro), Kanpona (504 metro, Miñarria (435 metro) eta Arrola (532 metro) zeharkatuko dituzte Nabarnizera heldu aurretik.
Oizko San Kristobal ermitan salda hartzea ohitura bihurtu da, eta aurten ere horrela egingo dute. Era berean, Astorkiganan anoa postua edukiko dute, atseden apur bat hartzen duten bitartean indarberritzeko.
Helmugara heltzean, parte hartzaileek dutxatzeko aukera eduki dute, eta hamaiketakoa prest izango dute. Halaber, 15:00ak aldera Aboitiz jatetxean bazkalduko dute.
Izen ematea
Ibilaldian parte hartu gura dutenek telefono zenbaki honetara deitu behar dute: 655 70 06 52 (Jabi). Posta elektronikoz ere izena eman daiteke, nabarnizathletic@hotmail.com helbidera mezu bat bidalita, baina antolatzaileek zehaztu dutenez, «egokiagoa da telefonoz deitzea».
Athletic Nabarniz elkarteak antolatzen du ibilaldia, Nabarnizko Udalaren laguntzagaz. Azaldu dutenez, bazkaritan martxan baino jende gehiago batzen da: «Martxan parte hartu ezin arren, beterano batzuk bazkaltzera etortzen dira».
Lagunarteko ibilaldi bezala jaio zen jarduera, eta hasierako kideen erreleboa hartu zuten gerora gazteagoek. Hasierako urteetan, irteera herria txandakatzen zuten; hau da, urte bakoitzean herri batetik ateratzen ziren. Alabaina, azkenengo urteetan Eibarren hasi eta Nabarnizen eman diote amaiera ibilbideari.