Foruko landa bideen inbentarioa osatu du udalak

Foruko udalbatzak egindako azken Osoko Bilkuran herriko landa bide guztien inbentarioa onartu dute. Udalak adierazi duenez, bide zahar horiek identifikatzeko dokumentazio lana egin dute.

Udalaren berbetan, “inbentarioa burutu ahal izateko ezinbestekoa izan da herritarren partaidetza”. Horretarako, datuak eta lekukotasunak batzeko “lan handia” egin dute. Inbentarioa lantzeko enpresa arduradunak kolaboratzeko prest zeuden herritarrekin harremanetan jarri dela azaldu du udalak, “banan-banan, balio handiko datuak bilduz”.

Foru Landa bideak

Herriko bide nagusiak zein bidezidorrak dokumentatzeko lana egin dute.

Foruko landa bideen lehen inbentarioagaz herriko bide nagusiak, ibilgailuentzakoak zein oinezkoentzakoak, zolatu gabeko bideak, antzinako gurdibideak, bidezidorrak edota bidexkak identifikatu eta dokumentatu dituzte. Domeinu Publikoko Ondasunen Inbentarioa, nekazal bideei dagokionez, Sendo S.L enpresari esleitu dio udalak.

Jane Eyre Urkieta Foruko Alkateak adierazi duenez, “inbentario hau jabegotasun, eskubide eta ordenantzen erreferentea izatea” da udalaren helburua. Antzinako landa bideak “Foruko historiaren parte” direla azpimarratu du, eta horien “memoria berreskuratzeko” lana egin dutela azaldu du. Dokumentuan bildutako informazioagaz “herriko etorkizunerako planifikaziorako ezinbestekoak” diren datuak eskuratu dituzte.

Hori dela eta, prozesua herritar guztiei zabaltzeko erabakia hartu dutela argitu du alkateak. Laguntza eskaini duten bizilagunen kolaborazioa eskertu du Urkietak, baita inbentarioa burutzen aritu den enpresaren “ardura eta arreta” ere.

Alegazioak aurkezteko epea. Dokumentuaren hasierako onarpenaren ondoren, kontsultarako eta alegazioak aurkezteko bi hilabeteko epea zabalduko dute, era horretara interesatuek beraien zalantzak argitu edota alegazioak aurkeztu ahal izateko. “Bi hilabete hauetan udaletxera hurbiltzera animatzen doguz herritar guztiak, hemen dokumentazioa ikuskatu ahal izateko”, azaldu du alkateak.

Alegazio horien ebazpena enpresa eta udalbatzaren artean adostuko da, “behar bezalako aholkularitza juridikoagaz”. Ebazpenak herritarrei komunikatu ondoren, dokumentuaren behin-betiko onarpena egingo dute.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend