Jakinarazi dutenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak konifero basoak berreskuratzeko euskal estrategia diseinatu dute. Pinuen gaitzari aurre egiteko plan bat jarri dute martxan, «euskal erakundeek azken urteetan egindako lanaren emaitza legez».
Batetik, gaitzari eta horrek hiru lurraldeetako baso eremuetan eragiten dituen kalteei buruzko ezagutza sakondu nahi dute; bestetik, gaitzari aurre egiteko neurriak zehaztu gura dituzte, eta, azkenik, sektorea berreskuratzean jarriko dituzte indarrak.
Azaldu dutenez, basoen osasunerako aholkulari taldeak egoeraren diagnostikoa egin zuen 2017ko urrian, eta aurrera begira garatu gura dituzten jarduerak zehazteko diagnostiko hori hartuko dute kontutan; baita sektoreak duen garrantzia eta gaitzak eragin duen kaltea ere.
Hala, gaitzak eragindako kalteei buruzko ezagutza sortzeko, batetik, eremu kaltetuak eta gaixotasunaren garapena neurtuko dituzte, eta eritasunak dituen jokabidea, zikloa eta moztu ondoren irauteko gaitasuna aztertuko dituzte. Bestetik, konponbide bat bilatu nahi dute mendian tratamendu desberdinak modu esperimentalean ezarriz.
Ezagutza sortuta, neurriak ere hartzea aurreikusten dute gaitzari aurre egiteko, eta neurri horien artean dago pinuak kobre oxidoagaz tratatzea. Hori egin ahal izateko baimen bereziak tramitatzen ari direla jakinarazi dute. Diotenez, tratamendu horregaz emaitza onak lortu dituzte beste hainbat lekutan, pinuei erasan dien onddoaren antzekoen aurkako tratamenduekin.
Airez egiten da, eta 2019ko udaberrian eman nahi diete tratamendua. Erakundeek espero dute udazkenean eta neguan ere gaixotasunaren eragina murriztea, hotzak onddoa ahuldu egiten du eta.
Laguntzen planak indartu. Bestelako neurriak hartzea ere nahi dute: foru laguntzen planak indartu larri kaltetutako masak mozteko eta basoberritzeko, tratamenduak egiteko beharrezko azpiegitura tekniko-administratiboa prestatu, mozketak egiteko izapide administratiboak erraztu eta arindu… Basoen sektorea berreskuratzeko, azkenik, gaixotasunarekiko erresistenteak eta sektorearentzat merkataritzaren ikuspuntutik interesekoak diren espezieak identifikatuko dituztela adierazi dute, eta horiekin esperimentatuko dela aurreratu dute.
Naturkon elkartea kezkatuta. Naturkon Gipuzkoako naturaren kontserbazioa lantzen duen elkartea «kezkatuta» agertu da, pinuak kobre oxidoagaz tratatu nahi dituztela jakitean: «Sustantziaren berezko arriskuaz gain, abiadura horiekin airez zabaltzen den produktua nora joango den ezin denez kontrolatu, Europako Batasunean airetiko tratamendu fitosanitarioak debekatuta daude, oso kasu berezietan izan ezik. Gainera, kobre oxidoa arnastuz gero, toxikoa da eta azalarentzat eta bronkioentzat narritagarria ukituz gero. Hori gutxi ez balitz, eta uretako faunarentzat guztiz toxikoa izateagatik, administrazioak berak tratamendu hauetan ibai eta erreken inguruan 50 metroko segurtasun zerrenda errespetatzea exijitzen du».
Mendien kudeaketarako Foru Arau propioa aurkeztu du EH Bilduk
EH Bildu Bizkaiak mendien kudeaketarako Foru Arau propioa proposatu du, zeinek, koalizioaren ustez, «baso-politika berri baten hasiera» suposatuko lukeen, «mendiak etorkizun sozial, ekonomiko eta ingurumen jasangarri bateranzko bidea egiteko oinarriak ezarriz». Egungo egoera konpontzen duen alternatiba modura aurkeztu du.
Produkziorako modelo berrietara igarotzea proposatzen du, eta, horretarako, espezie ezberdinen aldeko apustua egin behar dela deritzo, hartara, «kalitateko egurrak ekoizteko, ustiategiek errentagarritasun handiagoa izan dezaten eta egurraren industria laguntzailearen sektorea indartu eta garatu dadin». Azken batean, basoak ekosistema bezala berreskuratzeko beharrizana ikusten du EH Bilduk; horretarako, bertako espezieak babestu eta berreskuratuko dituzten politika publikoen alde eginez.
Koalizioaren arabera, pinuek jasaten dituzten gaixotasunak ez dira «gertakari edo istripu bat», baizik eta «40 urtez eman den monolaborantza eta baliabide naturalen ustiapen intentsiboen ondorioa: pinu eta eukalipto landaketak, makineria handiaren erabilpena, lurzoruen higadura, pestizidak, lurren emankortasunaren galera…». Halaber, kalitate baxuko egurren aldeko apustuek ere eragin dute EH Bildukoen ustez basoen sektorea «kale itsu batean sartzea».