Bosgarren jardunaldian heldu da lehen garaipena. Heineken Ligaren sailkapenean azken postuan jarraitzen du talde gernikarrak, baina, zapatuan eskuratutako bost puntuei esker, aurretik dituen taldeekiko aldea murriztea lortu du.
Gernika RTk 7 puntu ditu, eta puntu bakarrera dauka Complutense Cisneros. 11 puntugaz lau talde daude: CR La Villa, UE Santboiana, Independiente Rugby eta Hernani CRE.
Complutense Cisnerosi
32-39 irabazi zion herenegun, Madrilen. Gernika-Lumoko taldearentzat garrantzia handiko partidua zen, eta final baten moduan hartu zuten jokalariek. Hala, hasieratik nagusitasunez aritu ziren, eta aurkariak estu hartu zituzten euren zelaian. Santiago Viañak izan zuen partiduko lehen aukera argia, baina, zigor kolpearen ostikoa desbideratu egin zitzaion. Gero, etxekoak jokalari bat gutxiagogaz geratu ziren, eta basurdeek ondo aprobetxatu zuten. Mateo Bast-ek
entsegua egin zuen, baina, Sant Viañak ez zuen transformatu (0-5). Hurrengo minutuetan, beren jokoagaz jarraitu zuten, eta lanak saria izan zuen. Alboko sake bategaz hasi zuten jokaldia, Andoni Larrabeitiren eskutik eta Jorge Predovic-ek borobildu zuen jokaldia, entseguagaz. Viañak transformatzen asmatu zuen, errenta handituz: 0-12.
Argazkia: Anuar Gomez.
Complutense
Cisnerosek bere
lehen arrisku jokaldian lortu zituen lehenengo puntuak, zigor kolpe bategaz. Ondoren, uztartze ireki batean baloia bereganatu, eta jokaldi azkar batean bere lehen entsegua egin eta transformatu egin zuen (10-12).
Bi puntuko aldeagaz, etxeko taldeak presioa egin zuen lehen zatiaren azken minutuetan, eta
markagailuari buelta ematea lortu zuten. Atsedenaldira 17-15ko emaitzagaz helduko zirela zirudien, baina, lehen zatia amaitzeko 20 segundo falta zirenean, Gernika RTk entsegua egin zuen: 17-20. Bigarren zatia ere ezin hobeto hasi zuten. Larrabeitik entsegua egin zuen (17-25).
Baina,
hasiera gazi-gozoa izan zen; Santiago Percellok txartel horia ikusi zuen, eta jokalari bat gutxiagogaz geratu ziren. Etxekoek abantaila aprobetxatu zuten, markagailuko aldea murrizteko: 22-25. Hurrengo minutuetan bi taldeen jokoa trabatu zen. Hala ere, talde gernikarrak beste entsegu bat egin zuen, eta norgehiagoka amaitzeko ordu laurden bat falta zenean, etxeko taldeak beste entsegu bategaz erantzun zion.
27-32ko markagailuagaz, etxeko taldeak
basurdeak estu hartu zituen. Baina, Jokin Eskolarrek entsegua egin, eta Viañak transformatu egin zuen, aldea handituz: 27-39. Cisneroseko jokalariak ez zeuden amore emateko prest, eta azken unera arte markagailua iraultzeko zereginean aritu ziren. Partidua amaitzeko bederatzi minutu falta zirenean, entsegua egitea lortu zuten (32-39). Hala, azken minutuetan, basurdeek markagailua bere horretan mantentzeko erronka izan zuten.
Hurrengoa, etxean. 2018-2019 denboraldiko 6. jardunaldia Urbietan lehiatuko dute basurdeek, domekan [urriak 28]. Gernika RTren eta Alicanteko CR La Villa taldearen arteko partidua 12:00etan hasiko da.