Bigarren sailkatu da Elortegi Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren hirugarren kanporaketan
Atzo jokatu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren hirugarren kanporaketa Zornotzan, eta sei leihakideren artean, Txaber Altube Sarrionandiak lortu zituen puntu gehien. Hala, abenduaren 1ean Lekeition jokatuko duten finalaurrekoetara txartela lortu zuen zuzenean abadiñarrak.
300 bertsozale baino gehiagoren aurrean abestu zuten atzoko leihakideek, Zornotza aretoan. Saioaren irabazle Altubek, guztira, 478 puntu eskuratu zituen, eta sei gutxiago lortu zituen Ander Elortegi gernikarrak. Unai Mendiburu Valor algortarra sailkatu zen hirugarren (466 puntu) eta Artzentalesko Ander Ucelay Aristi (447 puntu) laugarren. Sailkapeneko bosgarren postua, berriz, Leioako Inazio Vidal Gurrutxagak eskuratu zuen 419,5 puntugaz, eta azkena Urdulizko Aitor Esteban Etxebarriak, 418 puntugaz.
Elortegi puntu erantzunetan, esaterako, ondo baino hobeto aritu da, eta lehiakideen artean puntuazio altuena egitea lortu du: 70, 5 puntu eskuratu ditu, hain zuzen ere, proba horretan.
Hurrengo saioan ere, gernikar batek parte hartuko du: Julen Ibarguengoitia Ordorikak, hain justu. Laugarren kanporaketa lehiatuko dute, eta horretarako, urriaren 28an, domekan, jarri dute ordua: 17:00etan, Plentziako Jai Alai frontoian. gernikarragaz batera, beste bost lehiakide izango dira: Aitor Bizkarra Ruiz (Abadiño), Arkaitz Zipitria Mendizabal (Arrigorriaga), Gorka Pagonabarraga Agorria (Durango), Peio Ormazabal Villanueva (Arrigorriaga) eta Peru Vidal Gurrutxaga (Leioa). Horiei gaiak jartzen, bestalde, Zihara Enbeita Gardoki gernikarra ariko da.
Liligiroaren azken saioa. Domekako hitzorduaren aurretik, baina, Lilibertsok badauka beste egun baterako zita ere. Urriaren 26an, barikuan, Liligiroaren hirugarren eta azken saioa egingo dute. Bizkaiko Bertsolari Txapelketara begira antolatu dituzte Liligiroaneko hiru saioak. Lehena irailaren 29an egin zuten Kortezubiko txokoan, bigarrena Muxikako Ariatzako txokoan urriaren 12an, eta, azkena Errigoitiko Ikuilu txokoan egingo dute 21:00etan hasita.
Hala, barikuan, Ibai Amillategi, Ibon Ajuriagogeaskoa, Miren Amuriza eta Igor Elortza izango dira oholtzara igoko direnak. Horien konpainian eta afaria janaz gozatu ahalko dute herritarrek. Horretarako, izena eman beharko dute 616 95 77 73 zenbakira detuta edo mezua idatzita.