Suteak saihesteko plangintza prestatzeko lan taldea eratu dute
Bermeoko Udalak hainbat batzar egin ditu plangintza lantzeko Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Su itzaltze eta Salbamendu zerbitzuagaz, Berualagaz eta Herri BabesagazBermeoko Udala Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Su itzaltze eta Salbamendu zerbit...
Bermeoko Udalak hainbat batzar egin ditu plangintza lantzeko Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Su itzaltze eta Salbamendu zerbitzuagaz, Berualagaz eta Herri Babesagaz
Bermeoko Udala Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Su itzaltze eta Salbamendu zerbitzuagaz batzartu da. Suteak saihesteko eta haiei aurre egiteko plangintza bat lantzen ari dira, eta, horretarako, lan talde bat eratu dute, Berualagaz eta Herri Babesagaz elkarlanean.Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordeak azaldu duenez, plangintza hori aurrera eraman ahal izateko pauso bat «Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Su itzaltze eta Salbamendu zerbitzuaren ekarpenak jasotzea» da, eta, horretarako, «hainbat batzar» eduki dituztela nabarmendu du.
Azken batzarra urriaren 9an izan zen. Bertan, Ibarrolaza, Patxi Berreteaga Prebentzio, Su itzaltze eta Salbamendu zerbitzuaren burua, Santi Murua Berualako zuzendaria, Eugenio Alboniga Udaltzaingoaren burua, eta Josu Aiestaran Herri Babeseko ordezkaria bildu ziren. Batzarrean beraien iritzi eta ekarpenak egiteko aukera izan zuten.
Batzarra egiteagaz batera, suhiltzaileen eskaladun kamioiak Bermeoko hainbat toki bisitatu zituen: horien artean, Alde Zaharra, Zarragoitxi, Itxas Begi edota Kurtzio. Modu horretan, gune horietan kamioiak daraman eskala auzo eta kaleetatik sartzen dela ziurtatzen aritu ziren.
Ibarrolazak adierazi duenez, batzarra zein suhiltzaileen bisita «oso interesgarriak eta aberasgarriak izan dira, eta lan hori garrantzitsua da Bermeon suteak saihesteko eta aurrea hartzeko egiten ari garen plangintza lantzerakoan».
Bukatzeko, «suhiltzaileen kamioiaren bisitaren ondoren, Bermeoko Alde Zaharrean kokatuta zeuden altzari batzuk kentzea» erabaki dutela argitu du alkateordeak, modu horretara «suhiltzaileen eskala sartzeko oztopo ez izateko» .
Herri babesa
Bermeotarrek herrian suhiltzaile talde finko baten gabezia daukate. Beraz, suteei eta bestelako ezbeharrei aurre egiteko, herriko boluntarioek osatutako Herri Babesa taldea eratu zuten. Taldeko kideen berbetan, «suhiltzaile boluntarioak» dira, «Bermeok ez daukalako suhiltzaile talderik herrian». Horrela, boluntarioek herriko ekimen guztietan parte hartzen dute, herritarren «segurtasuna eta prebentzioa bermatzeko».
Udalak hainbat aldiz eskatu dio aldundiari herrian suhiltzaileen talde finko bat jartzeko, ezinbesteko beharrizana dagoelako «Alde Zaharrean izaten diren suteak kontuan izanda».