Asier Maiak eta Iñaki Lauzirikak elkarlanean egindako liburua aurkeztuko dute bihar, Bermeon
Asier Maia Anabitarte idazleak eta Iñaki Lauzirika irudigileak Leyendo vivo. El alma secreta de los libros liburua aurkeztuko dute bihar, 19:00etan, Bermeoko Udal Liburutegian.
Liburuaren egileek azaldu dutenez, “irakurketa berdin batek egoera ezberdinetan sentsazio eta sentimendu ezberdinak sortu ahal ditu. Hitzordu batetik sortutako 25 irakurketa, 25 egile, 25 istorio” bildu dituzte. “25 testu istorioen arimak eta irudimenak gogorarazten dituztenak, eta ziur asko istorio horien egileak konta nahi izan ez dituztenak. 25 arima berri hizkien haizera”. Lauzirikak 24 liburuko 24 istorioren ilustrazioak sortu ditu.
Asier Maia Gasteizen jaioa da eta Euskal Filologian Lizentziatua. Leyendo vivo. El alma secreta de los libros bere bigarren liburua du auto-edizioan. Lehenengoa, Bizi-hitzak, barne bidaia literarioa 2013ko urrian argitaratu zuen. Iñaki Lauzirika, bestalde, Muxikan jaio zen eta Bermeon bizi da. Marrazketa, pintura eta komikia ditu zaletasun handienak eta horiek garatzen jarraitzen du. Komiki arloan, zenbait sari lortu izan ditu etxe inguruko lehiaketatan.
Aurkezpena egin ondoren, idazleak eta irudigileak solasaldia eskainiko dute, liburuaren inguruan informazio gehiago eman ahal izateko eta zalantzak argitzeko.
Liburu aurkezpena eta solasaldia interesa duten herritarrei irekita egongo dela gogoratu du Bermeoko udal liburutegiak eta, hortaz, herritar guztiak gonbidatu ditu aurkezpenera eta solasaldira; izan ere, “oso interesgarria” izango dela aipatu dute.