Jolas teknologikoen erabilpenaz ariko dira gurasoentzako hitzaldietan
Amankomunazgoak hiru hitzaldi antolatu ditu ume eta gazteek teknologiaz egiten duten erabilpenari buruz. Lekeitioko kultur etxean egingo da gaur lehenengoaTeknologiekin jolasten duten umeen gurasoei zuzendutako hitzaldiak antolatu ditu Lea-Artibaiko Am...
Amankomunazgoak hiru hitzaldi antolatu ditu ume eta gazteek teknologiaz egiten duten erabilpenari buruz. Lekeitioko kultur etxean egingo da gaur lehenengoa
Teknologiekin jolasten duten umeen gurasoei zuzendutako hitzaldiak antolatu ditu Lea-Artibaiko Amankomunazgoak Lekeition, Markina-Xemeinen eta Ondarroan. Etxadi orientazio zerbitzuak emango dituen saioetan Entretenimendua edo dependentzia? eta Zergatik jolasten dute teknologia bidez gure seme-alabek? galderei erantzuten saiatuko dira, eta adin desberdinetan gurasoek seme-alaben jolasei buruz egiten duten kudeaketaz ere hitz egingo dute.«Gaur egun jolasa hitzak parte hartze eremu desberdinak bereganatu ditu. Gure seme-alabek presente daudenekin eta ez daudenekin edo munduaren bestaldean daudenekin jolastu dezakete, baita ezagutzen ez dugunekin ere», diote antolatzaileek.
Aldaketa hau, berez, ez da antolatzaileen esanetan ez positiboa ez negatiboa, egungo garapen teknologikoagaz bat egiten du. «Ondorioz, umeen zaintzaz arduratzen diren helduek kontrol eta gainbegiratze zorrotzagoa egin beharko lukete». Beste alde batetik, jolasa eskuragarriago bihurtu dela ere badiote. «Berehalako asebetetze handiagoa ematen du, modu horretan jolasaren ohiko erabilera edo gehiegizkoa ahalbidetuz».
Horretaz guztiaz hitz egiteko, lehenengo hitzaldia Lekeition emango dute gaur, 18:00etan, kultur etxean. Bigarren hitzaldia urriaren 25ean izango da, Markina-Xemeingo Amankomunazgoan, 18:00etan, eta azken aukera azaroaren 26an edukiko dute gurasoek, Ondarroako Kofradia Zaharrean, 18:00etan. Markina-Xemeingo hitzaldia gaztelaniaz eta besteak euskaraz izango dira.