Bermistorianek ekintzaz betetako asteburua ekarriko du herrira
Zapatuan eta domekan Bermeoko Alde Zaharra Erdi Aroko giroan murgilduko da. Vermeio Folk Metal Fest musika jaialdiak hiru kontzertugaz alaituko du azokako gauaUrria bukatzear dagoela, Bermeoko Udalak dena prest dauka Alde Zaharra Erdi Aroko giroz janzt...
Zapatuan eta domekan Bermeoko Alde Zaharra Erdi Aroko giroan murgilduko da. Vermeio Folk Metal Fest musika jaialdiak hiru kontzertugaz alaituko du azokako gaua
Urria bukatzear dagoela, Bermeoko Udalak dena prest dauka Alde Zaharra Erdi Aroko giroz janzteko. Beste urte batez, ekintzaz bete helduko da zapatuan eta domekan Bermistorian.Ohi legez, adin guztietako pertsonei zuzendutako jarduerak egingo dituzte: hala nola, antzinako azoka, hainbat motatako tailerrak, kale animazioa eta herriko Izaro abesbatzaren kalejira.
Berritasun bezala, Spookypheria Productions elkarteak Bermeoko Kafe Antzokiaren eta udalaren laguntzagaz antolatutako Vermeio Folk Metal Fest musika jaialdia etorriko da Bermistorianeko gaua alaitzera.
Aingeru Astui Bermeoko Kultura zinegotziak eta Iñigo Atxa Spookypheria Productions elkarteko kideak aurkeztu dute 15. Bermistorianeko eskaintza. Astuiren esanetan, «Bermistorianen herritarrak eta kanpotik datozen pertsonak antzinako garaietara eramango dituzten giro alaian murgilduko dira».
Bermistorianeko protagonista garrantzitsuenetakoa, urtero moduan, bai zapatuan bai domekan Alde Zaharrean egingo duten antzinako azoka izango da. Erdi Aroko 50 saltoki inguru egongo direla zehaztu du Astuik. Horietan, besteak beste, gaztak, eztia, hestebeteak, txokolateak, bitxiak, narrua, xaboia, buztin eta zeramika lanak eta arropak ikusi eta eskuratu ahalko dira.
Ez da falta izango Izaro abesbatzaren kalejira, zeramika tailerra eta kale animazioa. Azken horren bitartez ahalbidetuko dute, hain zuzen ere, herria beste garai batzuetara eramatea. Asteburua girotzeko, hortaz, hainbat ikuskizun antolatu dituzte. Zapatu iluntzean kale animazioaren ikuskizun berezia eskainiko dutela nabarmendu du Astuik, egunari amaiera ezin hobea emateko.
Erdi Aroko giroa izatea lortu nahi du udalak, eta horrela, Alde Zaharra atondu nahi duten dendari, tabernari eta bizilagunei antzinako banderolak utziko dizkietela jakinarazi du Astuik. Hortaz, Alde Zaharreko herritar guztiak animatu ditu banderolak hartzera. Kultur etxean daude eskuragarri.
Kultur arduradunak azokaren ordutegia zehaztu du: zapatuan, 10:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, eta domekan, 10:00etatik 15:00etara gozatu ahal izango da antzinako azokagaz eta bere baitan antolatzen diren ekimenekin.
Folka eta metala
Herritarrek Bermistorian modu apartean girotzen lagunduko duen Vermeio Folk Metal Fest musika jaialdiaz gozatzeko aukera ere edukiko dute. Atxak azaldu duenez, «jaialdi horretan folkak eta metalak bat egingo dute, eta gau epikoa bizi ahal izango da».
Hiru talderen kontzertuekin gozatzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek: Aiumeen Basoa, Incursed eta Celtibeerian taldeak igoko dira agertokira.
Sarrerek aurretiaz erosita 8 euroko prezioa edukiko dute, eta leihatilan, 10 eurokoa. Salmenta lekuak honako hauek direla azaldu du Atxak: Bermeoko Kafe Antzokia eta Luma liburu-denda, Gernika-Lumoko Ospa taberna, Mungiako herriko taberna eta Bilboko Gothic Zone. Internet bidez ere eskuratu daitezke, www.bermeokokafeantzokia.com webgunean.
Astuik eta Atxak herritarrak zein kanpotarrak gonbidatu nahi izan dituzte Vermeio Folk Metal Fest jaialdira eta Bermistorianen barne egingo diren ekimenetan parte hartzera: «Bermeo Erdi Aroan murgilduko da, eta giro ezin hobea egongo da».