Hizkuntza gutxituei buruzko saioa egongo da gaur, Berriatuan
Hizkuntza gutxituei buruzko arNASA txiKITXUAK dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia egongo dira gaur, 19:00etatik aurrera, Berriatuko bideo gelan, Garabide elkartearen eskutik.Hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzeko formazioa emate al...
Hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzeko formazioa emate aldera, Garabidek bi urtetik behin antolatzen du Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu ikastaroa. Hiruhileko ikastaroa izaten da, eta horren baitan, gaia lantzeko herririk herri sentsibilizazio bira egiten dute.
Berriatuko Udalak eta Garabidek elkarlanerako hitzarmena daukate eginda. Eta akordio horri esker elkartearen birak etenaldia egingo du gaur, Berriatuan.
Indigenekin berbetan
Ikastaroaren harira, irail bukaeratik abendu erdialdera hizkuntza gutxituetako hiztunak diren hogei indigena daude Euskal Herrian. Eta horietako bi Berriatuan egongo dira gaur. «Proiekzioaren ostean, Kolonbiako Nasa eta Ekuadorreko Kitxua hizkuntzetako ordezkariekin solasaldi irekia egingo dugu».
Herriz herriko sentsibilizazio saioetan parte hartzeaz gain, indigena gonbidatuak unibertsitatean eskolak jasotzen eta euskalgintzako eragileengana bisita didaktikoak egiten ari dira. Garabidekoek azpimarratu dutenez, aurtengo ikastaroan generoaren eta hizkuntzaren arteko lotura eta igurtzien azterketa eta hausnarketari garrantzi berezia eman diote.
Garabidek Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultatearen laguntzagaz antolatzen duen ikastaroa hizkuntzen berreskurapenean munduan egiten den ikastaro bakarrenetarikoa da. «Euskal esperientziaren eta hizkuntzaren berreskurapenerako gakoei buruzko formazioa eskaintzen zaie hizkuntza komunitate gutxituetako ordezkariei, euren prozesuaren protagonista izan daitezen».