36. Urriko Azoka Nagusiak jendez bete du Markina-Xemein

Eskualdeko bizilagunak ez ezik kanpotar asko erakarri ditu Lea-Artibaiko azoka garrantzitsuak. Salmenta onak eduki dituztela adierazi dute ekoizleek

Jendetza batu zuen zapatuan Markina-Xemeinen Lea-Artibai Landa Garapenerako Alkartearen eta Lea-Artibai eskualdeko udalerrien eskutik egiten den abeltzain eta nekazal azoka garrantzitsuenak. Giro onak lagunduta, 36. Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusiak eskualdeko bizilagunak ez ezik kanpotar asko ere erakarri zituen.

Oraindik behin betiko balorazioa egin barik badaukate ere, orokorrean dena ondo joan zela aitatu du Lea-Artibai Landa Garapenerako Alkarteak: «Baserritarrek asko saldu zuten, abeltzainak ere ondo egon ziren, eta jendeak parte hartu egin zuen». Jende ugari egon zela ere gaineratu dute. Izan ere, goizean goizetik hasi ziren azokazaleak Markina-Xemeingo kaleak betetzen. «Inoizkorik jende gehien» batu zela ere bazioten batzuek.

36. Urriko Azoka Nagusia, beraz, arrakastaz hasi zen goizean. Eta orduek aurrera egin ahala, jendetza gehitzen joan zen. Hala eta guztiz ere, ekoizleak zein herritarrak gustura geratu ziren. Ekoizle gehienek azaldu zutenez, azoka zabaldu zenetik ibili zen jendea erosten. Azoka 17:00ak arte egon zen zabalik estreinako, eta arratsaldean salmenta gutxi egin bazituzten ere, goizean asko saldu zutela nabarmendu zuten.

200 lagun bazkarian

Eskualdeko abeltzainen lana ere ikusgai egon zen zapatuan, udaletxe osteko aparkalekuan. Animalia ikusgarriak plazaratu zituzten txiki, handi eta helduen gozamenerako. Eskualdeko behi, zaldi eta ardiak ezagutzeagaz gain, Euskal Herriko arrazetako hainbat abereen erakustoki ere izan zen aparkaleku ondoko landa.

12:30ak aldera hasi ziren Tarineko musikariak kaleak musikagaz alaitzen. Ordurako, baina, Markina-Xemein jaian erabat murgilduta zegoen. Batzuek taloa, txorizoa edota okela pintxoa jaten zuten bitartean, besteak artisauen postuak bisitatzen ibili ziren.

Okela pintxoek ere arrakasta eduki zuten. Gutxi gorabehera 120 kilo okela jan ziren, eta aurten estreinako egin den bazkariak ere erantzun ona eduki zuen; 200 lagun batu ziren Zelaian, eta txartel guztiak amaitu ziren.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, datorren urtean jende gehiagorentzako lekua egingo dute Zelaian. «Aurtengoa proba bat izan da. Nahi duguna da herri bazkarian urtez urte gero eta jende gehiagok parte hartzea».

Bazkalostean sari banaketa egin zuten, eta egunari amaiera berezia eman zioten Hika Antzerki taldea eta Oinkari dantza taldearen Sagartu ikuskizunagaz.
Ez dago iruzkinik

Send this to friend