Guztira,
72 auto hartu ditu aurtengo Gernika-Lumoko Rallyak;
61 auto lastertasun proban lehiatu dira, eta gainontzeko 11 kotxeak, aldiz, Sport erregulartasunaren kategorian. Lastertasun proban aritutako autoetatik, baina,
25 autoek baino ez dute lortu lasterketa burutzea; gainontzekoek matxura edo kolperen baten ondorioz lasterketa bertan behera utzi behar izan baitute.
Ioritz Odiaga eta Iker MIntegia. Argazkia: Maitane Bilbao.
Lasterketa irabazteko faboritoen artean zeuden iazko irabazle Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola (Escuderia Sardara), eta zaleei hutsik egin gabe, lasterketa ona egin, eta garaipenagaz etxera bueltatzea lortu zuten zapatuan. BMW M3 autoagaz lehiatzen den bikotea 52.38.434ko denbora eginda helmugaratu zen. Zortzigarren aldia da Castrorena Gernika-Lumoko Rallya lehiatzen duena.
Oso rally polita dela eta beti nahi izaten dutela bertan parte hartu dio. Aurtengoa, gainera, are gehiago gustatu zaio pilotuari.
“Ibilbidea ezberdina izan da, askoz gehiagu gustatu zait. Tarte berrietan ibili gara, eta horrelakoetan nabaritzen da autoa gidatzeko orduan bata eta bestearen arteko diferentzia; izan ere, azken finean rally bat errpidea ondo ezagutzea baino pilotu eta kopilotuaren arteko lana izaten da”. Eta lan horretan, kopilotuaren beharra azpimarratu du, “berak egiten duen lana barik nirea ondo egitea ezinezkoa litzatekeelako”.
Lehiatuko ziren gidariak ikusita, Castrok eta Urkiolak zapatuko lasterketa zaila izango zela aurreikusten zuten; dena den, “beti bezala, borrokan” aritu zirela azaldu du. Etapa bi izan zituen zapatuko lasterketak, eta goizekoan hainbat auto gidari eta kopilotuk utzi behar izan zioten lehiatzeari. Horien artean zeuden, esaterako, lasterketa irabazteko faborito ziren Ivan Muñoz gernikarra eta Gorka Antxustegi eta Txus Jaio pilotu markina-xemeindarrak. Etxebarriko Kastinparro Racing elkarteko Ioritz Odiaga eta Iker Mintegia (Renault Megane) ere lasterketa txukuna egiten zebiltzan, harik eta matxura izan zuten arte, lasterketaren bigarren etapan. Lehenengo etapa, esaterako, sailkapen orokorren bigarren postuan bukatu zuten, Castro eta Urkiolaren atzetik.
Autoak Gernika-Lumoko parke itxian.
Azkenean ere,
sailkapen orokorrean bigarren egin zutenak
Victor Etxabe eta Mikel Arza (Zamudio Racing) izan ziren, eta
hirugarren sailkatu ziren, aldiz,
Iokin Agirre eta Arantzazu Araneta (Lagun Artea).
Sari lokala, bestalde,
Gernika Racing taldeko Julen Sarrionaindiak eta Josu Barruetak jaso zuten. Renault Clio Maxi autoagaz lehiatu ziren, eta 56.44.735eko marka eginda, sailkapen orokorreko seigarren postua eskuratu zuten.
Gernika Racing taldeko ordezkariek jakinarazi dute, ezbehar larririk gabe lehiatu zutela rallya, eta hori dela garrantzitsuena nabarmendu du. Zenbait parte hartzailegaz hitz egin zuten, eta “gustura” aritu zirela adierazi zieten.
Aurtengoa “zaila eta gogorra” izan dela ere aitortu zieten. Rallya ikustera bertaratutako
ikusleak ere asko izan zirela azpimarratu dute; “batez ere, arratsaldean”. Ez zuten hainbeste jende espero, eta horietako asko errepidetik aldentzen ere pasa zuten denbora; horren ondorioz, atzerapenagaz hasi zuten lasterketa.
Atzerapenak atzerapen, eta zailtasunak zailtasun, beste behin ere, jendetza batu du Gernika-Lumoko Rallyak.