Oizera iritsiko da rallya
25. Gernika-Lumoko Rallya bi etapagaz eta ibilbidean aldaketekin dator. 76 auto batuko ditu. Beste urte batez, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko zenbait pilotuk eta kopilatuk lehiatuko duteBerritasunekin dator Gernika-Lumoko Rallya. Ibilbidean aldaketak ...
25. Gernika-Lumoko Rallya bi etapagaz eta ibilbidean aldaketekin dator. 76 auto batuko ditu. Beste urte batez, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko zenbait pilotuk eta kopilatuk lehiatuko dute
Berritasunekin dator Gernika-Lumoko Rallya. Ibilbidean aldaketak egin dituzte, eta, esatera baterako, Oizeraino joango dira aurten pilotuak. Hala, gaur eta bihar auto hotsa izango da protagonista, Gernika-Lumo zein inguruko herrietan.Bihar goizean Munitibarren hasi eta Mendatan amaituko duten etapan igoko dira Oiz mendira. Hain zuzen, Munitibarretik Gontzugarai igo, eta handik abiatuko dira Oizera. Oiz azpitik Anbreko bidegurutzera pasatu, eta Urrutxura helduko dira, handik Mendatara joateko.
Arratsaldeko etapan ere berritasuna sartu dute. Izan ere, Lumotik Metxikara pasatu ostean, Foruko Baldatika auzora doan bidea hartuko dute, eta jarraian, harrobitik jaitsiko dira.
Urteurren borobila da aurtengoa, Gernika-Lumoko 25. Rallya lehiatuko baitute. Bi etapa izango ditu (hiru tarte bakoitzean), eta Euskal Herriko eta Bizkaiko txapelketetarako proba puntuagarria da.
Parte hartzaile aldetik aurreko urteko antzeko kopuruak izena eman du. Zehatz esateko, probak 76 auto batuko ditu. Horietatik 63 ariko dira lastertasun proban, eta hamahiru Sport erregulartasunaren kategorian.
Beste urte batez, Lea-Artibaiko eta Busturialdeko ordezkaritza zabala egongo da. Abiadura kategorian, esaterako, Gernika Racing elkarteko bost auto egongo dira: Ivan Muñoz eta Maria Madariagarena (Ford Fiesta N1), Julen Sarrionaindia eta Joseu Barruetarena (Renault Clio Maxi), Jon Murgialdai eta Mikel Barandikarena (Citroen Saxo VTS), Anartz Arrieta eta Iñigo Ugalderena (BMW M3) eta Ibai Zumalakarregi eta Ibai Ajuriagoikoarena (BMW 318IS).
Etxebarriko Kastinparro Racingetik hiru auto lehiatuko dira: Gorka Antxustegi eta Xabat Urrestirena (Suzuki Swift Sport), Ioritz Odiaga eta Iker Mintegiarena (Renault Megane) eta Jose Javier Aginaga eta Maria Fernandezena (Ford Escort MK I).
Bestelako lasterketa taldeekin ere ariko dira bertoko gidari eta kopilotuak. Txus Jaio eta Jesus Urkidi (Euskadi Racing), Aitor Saizar eta Mireia Saizar (Escuderia Hamaika), Natxo Zuluaga eta Ion Ugaldebere (Kenako Trapaga), Ioritz Abaroa eta June Lauzirika (Escuderia Hamaika), Peru Urkidi eta Koldo Ugalde (Malerreka MotorSport), Aitor Irazabal eta Ander Bikandi (Abadiño Karting), Egoitz de Luis eta Aketza Santa Koloma (Durangalde Racing).
Irabazteko faboritoak
Lasterketa irabazteko hautagai nagusien artean daude Ivan Muñoz gernikarra, Gorka Antxustegi eta Txus Jaio pilotu markina-xemeindarrak eta Aingeru Castro.
Gaur 16:00ak aldera hasiko dira egiaztatze administratibo eta teknikoak egiten. Zapatuan, 08:30ean aterako da lehen autoa, Pasealekuko parke itxitik. Arratsaldeko lehiaren ostean, lehenengo autoa Pasealekura 19:00ak inguruan ailegatzea aurreikusi dute. 21:00etatik aurrera banatuko dituzte sariak.
Gernika Racing taldeko ordezkariek nabarmendu dutenez, urtez urte, egutegian sendo mantendu den proba da honakoa: «Denboraldiz denboraldi gure lana fruituak ematen dituela erakusten du horrek. Federazioaren formakuntza duen talde kualifikatu eta esperientzia handikoa osatu dugu».