Herri Eskolan batuko dira ikasleak bihar, Gernika-Lumon

Urriaren 12a, Hispanitatearen Eguna jai egun arrotza dela aldarrikatuko dute gaur euskal herritar askok eta askok. Esate baterako, urtez urte, gaurko egunez hainbat ekintza egiten ditu Ikasle Abertzaleak-ek.

Beste batzuetan egin modura, Herri Eskoletan biltzeko proposamena luzatu diete ikasleei. Hain zuzen ere, Euskal Herriko hogei herritan prestatu dituzte Herri Eskolan, tartean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.
Busturialdeko herritarrei dagokienez, Gernika-Lumon biltzeko deialdia zabaldu dute.

Askotariko ekintzak. Eskualdez eskualde, eta herriz herri askotariko ekintzak antolatu dituzte. Aldarrikapena oinarri hartuta, egun pasa egiteko aitzakian hitzaldiak, eztabaidak, gosariak, bazkariak, dokumental proiekzioak, tailerrak… egingo dituzte. Gernika-Lumon, esaterako, hezkuntzaren funtzioei eta sare sozialei buruz hausnarketa egiteko aukera eskainiko duten bi hitzaldi emango dituzte.

IA-eko kideek azaldu dutenez, aipatu eskolen helburu nagusia langile klasearen beharrei egokitutako jakintza garatzea, eztabaidatzea eta zabaltzea da. “Ez dugu ezer ospatzeko”, zehaztu dute.

EGITARAUA:

  • 10:00. Herri apainketa, Astran.
  • 11:00. Hezkuntzaren funtzioak hitzaldia, Seber Altuben.
  • 12:00. Sare sozialak hitzaldia, Seber Altuben.
  • 14:30. Bazkaria Bloke Naranjan, erdiguneko eraikin okupatuan.
Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend