Azaroan abiaraziko dute Sukarrietako ponpatze estazioa

Sukarrieta, Busturia eta Portuondoko hondakin urak Lamiarango araztegira helaraziko ditu estazioak.

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak bisitatu du gaur Sukarrietan kokatuta dagoen ponpatze estazioa. Bertan, Ernesto Martinez de Cabredo URA agentziako zuzendari nagusiagaz bildu da, Mundakako itsasadarreko ezkerraldeko hondakin uren ponpatze estazioaren lanak bukatu berri dituztela azaltzeko.

Estazioa prestatzeko lanak burutu dituzten arren, funtzionamendu egokia daukan ziurtatzeko probak egiten ari direla argitu dute. Instalazioa azaroan martxan jartzea aurreikusita dute, eta behin betiko abiaraziko dute datorren hilabetean.

Arriola eta Martinez de Cabredo.

Arriola eta Martinez de Cabredo.

Uraren Euskal Agentziak eraiki duen azpiegiturak horrek 12,4 milioi euroko aurrekontua eduki duela zehaztu du Ingurumen sailburuak. Instalazioen helburua itsasadarreko ezkerraldeko hondakin uren kantitate handi bat (Sukarrieta, Busturia eta Portuondoko kanpinekoak) Bermeon dagoen Lamiarango araztegira ponpatzea ahalbidetzea izango da. Horrela, zonaldeko “uren egoera nabarmen hobetuko dela” esan du Arriolak.

Ponpatze estazioa eraikitzerakoan egindako lanek izandako “ageriko zailtasun teknikoak” azpimarratu nahi izan dituzte arduradunek: eremu horretan leku gutxi egonik, Sukarrietako Marisma parke azpian eraiki behar izan dute, eta instalazioen zati bat urpean dago.

Obrak aurrera eraman ahal izateko, 40×40 metroko zuloa egin dute lurpean, hormigoi armatuzko 300 pilotegaz osatutakoa. Pilote horiek 880 eta 1.300 milimetro arteko diametroa daukate, 10,15 eta 27,5 metro bitarteko luzeragaz.

Horiekin guztiekin, 5,1 metroko altuera duen konpartimentu iragazgaitza eraikitzea lortu dute lur azpian. Ponpatze estazioa estali ahal izateko, hormigoizko arlauza eraiki dute, eta horren gainean Marisma parkea herriko aisialdi gune bezala berreskuratzeko lanei ekin diete, eremua lehen zegoen bezala utzita.  Obrak gauzatzeko, 5.000 metro kubiko porlan eta 1.000 tona altzairu erabili dituzte.

Urdaibai batuz. Sukarrieta eta Lamiarango Hondakin Uren Araztegiaren arteko lanak “Urdaibaiko saneamenduaren planeko fase garrantzitsuenetakoa” direla azpimarratu zuten.

Horiei esker, 2020an URAk Gernika-Lumo eta Busturia arteko kolektorearen obrak bukatzerakoan, itsasadarreko eskuinaldeko hondakin urak Lamiaranera bideratu ahalko dituzte, “25.000 biztanleren baliokideak”, hain zuzen ere. 15 milioi euroko inbertsioagaz, abian dauden lan horiek ezinbestekoak izango dira Gernika-Lumoko eta Busturiko ponpatze estazioak lotzeko.

Sukarrieta ponpatze estazioa1

Gernikakoekin batera, Muxikako eta Ajangizko hondakin urak ere bultzatuko ditu, Muxika-Gernika kolektore tartea eraikita dagoenean. Obra horiek beste 10 milioi euroko aurrekontua izango dutela aurreratu dute, eta kasu horretan, 8.000 biztanleko kopuruko hondakin urak bultzatzeko balioko du. Lan horiez gain, Busturia eta Gernika artean dagoen 6,5 kilometroko luzerako hodia eraikitzen ari dira, edateko ura hornitzeko erabiliko dena.

Azaldu zutenez, Urdaibaiko saneamendu sistema berria osatu ahal izateko, “proiektua zatika kudeatu” beharra dute. Hondakin uren ponpatze estazio desberdinak eta kolektore tarteak “Gernika-Busturia tarteko aglomerazioaren saneamendu azpiegituraren oinarria” izango direla azpimarratu dute.

Saneamendu sistema kudeatzeko arduraduna Uren Partzuergoa izango dela argitu dute, eta horri esker hondakin urak Urdaibaiko itsasadarrera isurtzea saihestuko dute. Horrez gain, saneamendu azpiegitura “Busturialdeko beharrizanetara eguneratzea eta egokitzea” posiblea dela diote.

Hitzarmena. Aipatutako lan guztiak Eusko Jaurlaritzako URAk eta Busturialdeko Partzuergoak sinatutako lankidetzarako hitzarmenaren barnean daude. Horren bidez, eskualdeko saneamendu sarea eraiki eta hondakin urak Lamiarango HUAra bideratzea dute helburu.

Sukarrieta ponpatze estazioa3URAk bost urteren buruan 49 milioi euro inbertitzeko konpromisoa hartu zuen, eta horiek 2003 urtetik Urdaibain Eusko Jaurlaritzak inbertitu zituen beste 35 milioi eurori gehituko zaizkie.

Busturialdeko Partzuergoak, bere aldetik, “eskualdeko saneamendu eta araztegi azpiegituren jasangarritasun teknikoa eta ekonomikoa bermatzeko konpromisoa” hartu du, “etorkizunean beste administrazioen laguntza eske joan beharra saihesteko”.

Ingurumen sailburua eta URAren zuzendari nagusia Sukarrietara egindako bisitaz baliatu dira ur horniduraren eta saneamenduaren jasangarritasuna kudeatu ahal izateko “zerbitzu profesionala” edukitzea beharrezkoa dela aldarrikatzeko, eta, horretarako, kudeaketa orokortu egin behar dutela azaldu dute. Kalitate handiagoko zerbitzuekin “gaur egungo erabilerak asetzeko azpiegiturak mantendu, lurraldeko balizko erabilera berrietara egokitu eta etorkizunean berriztatzeko azpiegiturak amortizatu” ahalko dituzte.

Horrez gain, emakidetan jasotako emariak aintzat hartuta, baimenetan jasotako isurketa mugak kontuan hartuta eta tarifen bitartez bildutako diruagaz, gaur egungo eta biharko zerbitzu jasangarritasuna bermatu ahal izango dute.

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend