Nabarmendu dutenez, orain arte
500 bermeotarrek eman dute izena egitasmoan parte hartzeko.
Atzo arratsaldean herriko Kabidxen egin zuten agerraldia, eta bertan azaldu zutenez, herritarrez osatutako batzordea urte osoan aritu da lanean, eta ekimen ugari antolatu ditu Euskaraldiaren berri emateko.
Agerraldian bermeotar guztiei ekimenean
parte hartzeko deia egin zieten, eta horretarako izena emateko
epea azaroaren 23ra arte irekita dagoela gogoratu dute, lehenengo Euskaraldia martxan jarriko duten eguna, hain zuzen ere. Hortik aurrera, ’11 egun euskaraz’ lelopean, Ahobiziak eta Belarriprestak Euskal Herri osotik ibiliko dira.
Euskaraldiko kideak, atzo arratsaldeko agerraldian.
Ekimenaren ordezkariek gogoratu zutenez,
16 urtetik gorako herritar guztiek parte hartu ahal izango dute Euskaraldian, eta hori egiteko
hainbat bide dituztela adierazi zuten. Udal Liburutegian, Kiroldegian, Kultur Etxean edo Kabidxen izena eman ahalko dute, baita ikastetxeetan, euskaltegietan, Berbalagunen eta Hizkuntza Eskolan ere. Gune horiez gain, nahi duenak Euskaraldiko webguneko izena emateko aukera duela azpimarratu zuten.
Izena ematerako orduan,
rol biren artean aukeratu behar dela azaldu zuten. Batetik, Ahobiziak egongo dira, eta horiek ulertzen duten guztiei euskaraz egiteaz gain, ezezagunei lehen berba gutxienez, euskaraz egingo diete. Bestetik, Belarriprest rola jokatzen dutenek, euskaraz ondo-ondo moldatu ez arren, euskara ulertu eta berari hala hitz egitea nahiko du. Izan ere, Ahobiziei gonbitea egingo diete euskaraz aritzeko.
Prestakuntza tailerrak. Azaroan nahi dutenentzako prestakuntza tailerrak egingo dituztela adierazi zuten Euskaraldiko kideek.
Kabidxen izena eman beharko da tailerretan parte hartzeko, eta bertan, egitasmoak iraungo duen hamaika egunetan
zer egingo den, nola jokatu behar den edota bestelako galderei erantzunak ematen ariko direla azaldu dute. Denen artean, erantzun horiek bilatuko dituzte, “giro eta umore onean”, parte hartze “atsegina” lortu nahi dute-eta.
Tailerrak Kabidxen izango dira,
azaroaren 10ean, 15ean eta 21ean, hain zuzen ere. Ordu eta erdiko saioak antolatuko dituztela iragarri dute.
Bukatzeko, dagoeneko Euskaraldian parte hartzeko izena eman duten bermeotar guztiak zoriondu zituzten, baita “Euskaraldiaren argia zabaltzeko” lan egin duten herriko pertsona eta elkarte guztiei eskerrak eman ere. Horien “inplikaziorik gabe” herrian sortzen ari den mugimendua “ez litzatekeela berdina izango” nabarmendu zuten, eta egindako ekarpenak goraipatu zituzten.
Udala, euskaraldiarekin bat. Joan den astean Bermeoko Udalak egin zuen Osoko Bilkuran,
aho batez onartu zuten Euskaraldia
udal barruan sustatzeko erakunde adierazpena. Horrela, Bermeoko Udalbatzak bat egingo du Euskaraldiagaz eta ekimenaren sustatzailea bilakatuko da, eta “erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko” konpromisoa hartu du.
Onartutako adierazpenean jasotzen denez, “ordezkari politikoen egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren markoan eta, bereziki, udal barrura begira, ekimena zabaltzea”. Hori lortzeko, “ekimen honetan ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko urratsak egingo ditugu, arduradun politikoak zein langileak izan”, gaineratzen du adierazpenak.
Adierazpenagaz, udalak “hizkuntza-praktika horiek posible egiteko eta etorkizunean eutsi ahal izateko” neurriak hartuko ditu, eta, ekimenaren sustatzaile gisa, “udal barruan ez ezik, udalerrian ere herritarrak gonbidatuko ditu Euskaraldia ekimenean parte har dezaten”, eta izena emateko bideak erraztuko ditu.
Era horretara, Bermeoko Udalak bat egingo du Euskal Herriko beste hainbat eragilegaz Euskaraldia “elkarlanean eta batera garatzeko”.