Eguraldi ederrak lagunduta aritu dira gaur Busturian. Urtero legez Axpe auzoan ospatzen duten Azoka Ekologikotik herriko eta inguruetako jendea ibili da, eta giro politaz gozatzeko aukera eduki dute.
24 ekoizleren produktuak dastatzeko, probatzeko eta erosteko aukera eduki dute hemezortzigarren biderrez Axpen ospatzen den azokara hurretatu direnek. Ortuariez gain, marmeladak, gazta eta esnekiak, ogia, pasta ekologikoa, kosmetikoak, eskulanak eta bestelako hainbat produktu aurkitu ahal izan dituzte. Euskaraldiko kideek ere beraien salmahaia jarri dute azokan, ekimenari buruzko informazioa eskaintzeko.
Salmahaietako eskaintzaz gain, Busturiko boluntarioek egindako talo eta txorizoa ere dastatu ahal izan dute. Musika eta dantzak ere ez dituzte faltan bota. Ohikoa denez, herriko txistulariak eta Irrintzi Alai Dantza taldeko dantzarien kalejira ibili da azoka alaitzen. Trikitilariek ere musikaz bete dituzte auzoko txoko guztiak.
]