Bermesex zerbitzua bihartik aurrera berriro jarriko dute martxan

Udako etenaldia egin ostean, Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak sexualitateari buruzko informazioa eta orientazioa eskaintzeko sortu duen Bermesex zerbitzua barikuro 16:00etatik 17:30era hasiko dute.

Bermesex, sexua eta sexualitatearen bizipenean “modu onuragarriak bilatzeko zerbitzu publikoa, konfidentziala eta doakoa” dela gogoratu dute udaletik. Zerbitzu horren bidez, gazte bermeotarrei laguntzen diete “modu partikularrean ezagutu, onartu eta adieraz daitezen”, bestearekin harremanak izateko modu onuragarriena bilatzeko. Xede hori lantzeko asmoagaz gazte, familiarteko eta profesionalekin lan egiten dute.

Bermeoko Sexologia Orientazio Zerbitzua Gizarte eta Kultura Etxean eskainiko dute. Zerbitzuko adituak hainbat gairi buruzko orientazioa emango du; besteak beste, sexu bidez transmititutako gaixotasunak (STG), antisorgailuak, tabuak eta sexu orientazioa.

Juan Karlos Agirre Gazteria Saileko zinegotziaren berbetan, Bermesex zerbitzuaren bidez, “herriko eta eskualdeko gazteei lagundu gura zaie modu partikularrean ezagutu, onartu eta adierazi daitezen, horrela, euren adineko beste gazte batzuekin, hartu-emonak izateko modu onuragarriena bilatzeko”. Helburu hori lantzeko gazte, familiarteko eta profesionalekin egiten dute lan.

Hiru eredu. Orientazioa bideratzeko hiru eredu hartuko dituzte kontuan: kontsulta eredua, programa eredua eta teknologia eredua. Kontsulta ereduaren bidez, profesional ezberdinekin eta familia kideekin elkarlanean, ume, gazte, familia eta hezkuntza baliabideen arazoei irtenbideak topatzeko bideak hausnartzen dira, egoera bakoitzean esku hartzeko modu, eragile eta ekintza egokienak aztertuz.

Programa ereduaren bidez, proposamen ezberdinak egin ahalko dituzte: sexu hezkuntza programak, guraso eskolak, profesionalentzako ikastaroak, berbaldiak eta informazio kanpainak. Teknologia berrien laguntzagaz gazteei zuzendutako aholkularitza ekintzak burutzeko aukera zabalak eskaintzen dituzte. Horrela, orientazio zerbitzuagaz harreman zuzena izateko bermesex@bermeo.eus e-postara idatzi daiteke, baita Skype, Facebook eta Twitter zerbitzuetatik kontaktatu.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend