Kataluniako erreferendumaren urteurrena beteko da urriaren 1ean, eta bi egun lehenago ( irailak 29) ekitaldi nazionala egingo dute
Astraren kanpoaldean, 17:30etik aurrera.
Demokraziaren defentsan egingo dute, eta Kataluniari, hango preso politikoei, exiliatuei, errepresaliatuei eta haien senideei elkartasuna adieraziko diete. Goizean Astran egindako agerraldian ere horiek gogoan izan dituzte; ANC eta Omnium Cultural taldeetako Jordi Sanchezi eta Jordi Cuxarti besarkada bana bidali, eta haien askatasuna eskatu dute.
Irailaren 29koa
ekitaldi “ireki, berezi eta historikoa” izango dela adierazi dute, eta euskal herritarrei Gernika-Lumora hurbiltzeko gonbidapena luzatu diete. Datozen egunotan
obra kolektibo bat sortzeari ekingo diote, eta hilaren 29an borobilduko dute, “kutsu artistiko eta politiko handiko ekitaldi berezi batekin”. Aipatu sormen lana udalerriko eragileetako kideek eta bertoko bizilagunek egingo dutela aurreratu dute.
Angel Oiarbide
Gure Esku Dagoren bozeramailearen berbetan, erabakitzeko eskubidearen aldarria eta urriaren 1eko erreferendumaren dimentsio politikoa, nazioartera zabalduko dituzte, “era ikusgarri batean”.
Egun horretan, Euskal Herriko eta Kataluniako eragile politiko eta sozialak elkartu nahi dituzte. “Baita oinarrizko erreibindikazio honekin bat egiten duten herritarrak ere”.
Gaur goizean agerraldia egin dute Astraren kanpoaldean, irailaren 29ko ekitaldia aurkezteko.
Askatasuna erabakitzea denaren mezua mundu osora zabaldu gura dute. Bi aste barru Astraren kanpoaldean ikusaraziko duten
irudia sormen eta elkarlan prozesu baten emaitza izango dela azaldu dute, eta ahalik eta zabalena izatea da euren asmoa. “Edozein herrik bere etorkizunaz erabakitzeko duen askatasunaren aldeko mezua zabalduko dugu Euskal Herriaren askatasunaren ikur den leku sinboliko honetatik, Gernikatik. Iaz Bilboko kaleak betez bidali genituen elkartasun besarkadak Kataluniara. Aurten Gernikan egingo dugu bat guztiok”.
Beste behin, urriaren 1eko erreferendumaren garrantzia azpimarratu dute: “Demokraziaren, bakearen eta askatasunaren alde lan egin zuten eta lanean jarraitzen duten herritarren duintasuna txalotzekoa da. Uste dugu unea dela herritarron asmo politikoei erantzuteko tresna eta bide demokratikoen beharra nabarmentzeko; izan Katalunian, Eskozian zein Euskal Herrian”.
Elkarlana. Aipatu ekitaldia, Gure Esku Dagoren, Gernika-Lumoko Udalaren eta herriko eragile sozialen arteko elkarlanaren fruitua izango da.