Bermeotarren etxetik bota dute aurtengo jaietako txupina

Atzo hasi ziren Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. Herriko jai nagusiei hasiera ematea berezia izaten da urtero bermeotarrentzat. Baina, aurtengoa are bereziagoa izan da. Izan ere, 2013ko apirilaren 11ko Alde Zaharreko sutean, udaletxea izan zen kaltetuetako eraikinetako bat. Ondorioz, azken urteotan ezin izan dute udaletxeko balkoitik pregoia bota.

[IKUSI HEMEN ATZO ARRATSALDEKO ETA GAUEKO ARGAZKI GALERIA]

Idurre Bideguren alkateak sutea izan zuen gogoan atzo gaueko pregoia hastean: “Azkenean lortu dugu. 2013an txarto pasatu genuen, Alde Zaharrak su hartu zuen, baina, bermeotarrok gure etxea, udaletxea, altxatzea lortu dugu. Izan garena oinarritzat hartuz eraiki da. Baina inoiz baino argiagoa izango da, eta etorkizunari ikuspegi berri batetik begiratzeko aukera eskaintzen digu eraikin honek”. Ken Zazpiren abesti batek dioen moduan, “hegoak astindu, errautsak gorantz altxa, zaurietatik hegan egingo dugu”, adierazi zuen udaletxeko balkoitik. Keinuz eta emozioz betetako ekitaldia izan zen atzo gauekoa. Alkateak pregoia botatzea amaitu, eta Egun da Santi Mamiña kanta ezagunaren doinuekin osatutako eta jaietarako beren-beregi sortutako koplak abestu zituzten, eta jarraian, Ikurriña eta Bermeoko bandera altxatu eta txupina jaurti zuten.

xixilik

Jaiez gozatzeko gonbita luzatu zien herritarrei: “Ez daudenak oso gogoan ditugu gaur, baina, ondo pasatzeko gogoa, bermeotarrok daukagun kresal hori ez dadila falta”. Elkar ulertuz eta errespetatuz denen artean jai handiak lortuko dituztela zehaztu zuen: “Gogoratu pertsonok libre eta beldur barik bizi nahi dugula, eta emakumeak izate hutsagatik ez dugula beldur gehiagogaz bizi gura. Hori erradikatu behar dugu, behingoz, denok batera. Baina, hau bakarrik lortuko dugu emakumeen kontrako edozein keinuren aurrean firme bagaude, erantzuteko prest bagaude. Eta seguru nago, herri hau horretan ere eredugarria izango dela. Aske maite, aske bizi”.

Bermeok ospatzeko arrazoi asko dituela nabarmendu zuen Bidegurenek, herri bat bizitzeko leku bat baino gehiago dela gogora ekarriz: “Eta zorionez, Bermeok hamaikatxo boluntario, eragile sozial, kirol eta kultur taldeen konpromisoa eta ilusioa ditu. Eta honek fruitu onak ematen ditu”. Hain zuzen, horren adierazgarri dira atzoko txupinazoaren protagonistak: Xixili Gimnastika Taldea eta Bermeotarrak Fanfarrea. Horiek izan dute aurtengo jaiei hasiera emateko ohorea; balkoian egon ziren bietako ordezkariak, eta Ikurriña eta Bermeoko bandera altxatzeko ardura izan zuten. Biek ala biek urteurren borobilak bete dituzte aurten. Gimnastika erritmikoko taldeak 25 urte bete ditu, eta fanfarreak, berriz, 40 urte. Hala, Goiko Plazan bilduta zeuden herritarrek txalo artean hartu zituzten aipatu bi taldeetako ordezkariak, Bego Usandizaga Xixili taldeko presidentea eta Gaizka Beitia Bermeotarrak fanfarreako kidea.

[IKUSI HEMEN ATZO ARRATSALDEKO ETA GAUEKO ARGAZKI GALERIA]

Xixiliko gimnastikalariak zein arduradunak egindako lanagatik eta txapelketetan lortutako emaitza onengatik zoriondu zituen Bermeoko alkateak, eta taldeko sortzaile izan zen eta aurtengo martxoan zendu zen Andres Uriondo izan zuen gogoan: “Xixilik munduko talde onenek ematen dituzten ikuskizunak eman dizkigu. Gaur badakit, talde osoak Andres Uriondo daukala gogoan, baita neuk ere. Herri honetako kirolari egin diozuen ekarpenagatik, zorionak denoi, eta eskerrik asko bihotzez”.

Fanfarrearen ibilbidea eta Bermeori eta herriko kulturari egindako ekarpena azpimarratu zituen Bidegurenek. “40 urte; arin esaten da. Jairik jai ibili dira, ikuskizun desberdinetan parte hartuz. Herria askotan girotu dute, eta herritik kanpora ere Bermeoren izena zabaldu dute. Zuolako taldeekin herri honek bizirik dirau. Eskerrik asko, zorionak eta ez galdu umorea”. Musikazale eta parrandazale bezala definitu zituen.

euskaraldia

Xixiligaz eta aipatu bi taldeetako arduradunekin batera, Euskaraldia-ko kideak atera ziren balkoira, Belarriprest eta Ahobizi pertsonaiek lagunduta. “Bermeo herri euskalduna da, baina, askotan, gaztelerarako ohitura handiak ere baditugu. Eta honek, batzuetan, euskararen arnasgune izaten jarraitzea kolokan jartzen du. Baina, ez da ezer galduko kontzientzia bizirik eta zer edo zer egiteko ilusioa dagoen bitartean. Eta Bermeon badago, asko gainera”, azaldu zuen alkateak.

Bajadie. Gaueko pregoiagaz eta txupinazoagaz hasi zituzten ofizialki jaiak. Baina, atzo eguerditik jai giroa nagusitu zen udalerrian. Portuan Itsasoko Eguna ospatu zuten, askotariko uretako kirolak eginez, eta txosna gunean bazkarian bildu ziren gazteak.

itsasokoeguna

Halaber, iazko etenaldiaren ostean, aurten bajadie berreskuratu dute bermeotarrek. 18:30etan Almika auzotik jaitsi ziren, eta ume, gazte zein heldu txosna gunera arte joan ziren, giro ederrean. Kalejira koloretsua egin zuten, eta herritarrek balkoietatik botatako uragaz freskatu ziren.

kalejira

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend