Jolasaren eta kirolaren txanda

Jaien zurrunbiloan jarraitzen dute Etxebarrian eta Ispasterren. Umeen Eguna ospatu zuten atzo batean, eta kirol ekitaldiak izan ziren protagonista bestean.

Jolas eta kirolagaz gozatzeko aukera eduki zuten atzo, Etxebarrian eta Ispasterren. Jolasgune erraldoi bihurtu ziren Etxebarriko Plaza Barri eta inguruak, eta ume eta gazteek nekatu arte gozatu zuten. Profesional mailako partidak eta kros herrikoia ekarri zituen, bestalde, Santa Ana egunak Ispasterrera.

Goiz eta arratsalde ibili ziren ume eta gazteak Etxebarriko jolasetan. Karpapeko gaztelu eta txirristetan saltoka ibili ziren txiki eta handi, eta ausartenak, Sustraiak Naturak elizpetik berdeguneraino kokatu zuen tirolinan jaitsi ziren, «pozik».

Elizako eskaileren ondoko horma errokodromo bihurtu zen egun batez, eta igotzeko ahaleginetan ibili ziren gaztetxoak. Beroa ere bazegoela eta, errekako jolasak ere gustuko izan zituzten. Piraguetan batera eta bestera ibili eta bainua hartzeko aukera aprobetxatu zuten.

Bigarren urtez, Chef lehiaketa egin zuten Plaza Barrin. Hiru taldek parte hartu dute aurtengoan, eta irabazleak Haizea Agirre eta Izaro eta Eritz Arrillagak osatutako taldea izan dira.

Norgehiagoka dotoreak

Herriko harrobiko gaztetxoen eskupilota partiduak izan zituzten goizean Ispasterren, eta eguerdian, goi mailako emakume pilotarien lehia. Emakume Master Cup jokatu duten lau pilotariek erakustaldia eman zuten; Leire Etxaniz etxebarritarrak Gentzane Aldai aurrelari orozkoarragaz jokatu zuen Olatz Arrizabalaga gernikarraren eta Nagore Arizmendi azpeitiar atzelariaren kontra. 22-15 irabazi zuten Etxanizek eta Aldaik.

Arratsaldean, 24. Kros lasterketa herrikoiak hartu zuen lekukoa, eta eguna ondo borolbiltzeko, Puro Relajo taldearen doinu mexikarrek girotu zuten plaza.

Gaur jaitsiko dute Txanton Pipirri ispastertarrek jaiei amaiera emanez; Etxebarrian hasiberriak daude, eta asteburu bizi-bizia daukate aurretik. Kuadrillen Eguna eta Nagusien Eguna ospatuko dituzte bihar eta etzi.
Ez dago iruzkinik
iteyedu
2018-07-26 09:13:35

Send this to friend