Gaztelugatxeko kostaldea garbitzeko antolatutako auzolana
“arrakastatsua” izan dela diote ekimenaren arduradunek.
Bermeoko Udalak eta Lurgaia Fundazioak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz, joan den zapatuan egin zuten auzolana. Antolatzaileek adierazi dutenez,
53 pertsonek hartu zuten parte ekimenean, gizon zein emakume, eta guztira
700 kilo inguru hondakin batzea lortu zuten egun osoko lanen ostean.
53 pertsona batu ziren garbiketa lanak egiteko. Argazkia: Bermeoko Udala
Irune Ormaetxea, Bermeoko Ingurumen zinegotziak gogoratu duenez, jardunaldiaren
helburua bikoitza izan zen. Batetik, Gaztelugatxeko babestutako eremuaren itsas ertzeko hondakinak garbitzea bilatzen zuten, horrela bere ingurumen-balioa eta bere paisaiaren edertasuna zaintzen eta mantentzen laguntzeko. Bestetik, gizartea sentsibilizatzeko kanpaina bezala antolatu zuten auzolana, herritarrak hondakinak, eta batez ere plastikoek, itsasoan sortzen duten ingurumen arazo larriaz ohartarazteko.
Plastikozko ur botilak. Auzolanaren arduradunen berbetan, talde guztia San Juan azpiraino jaitsi zen zapatu goizean, itsasbehera aprobetxatuta. Bertan,
Akatz eta Gaztelugatxe bitarteko badia guztian garbiketa lanetan aritu ziren.
Ormaetxeak azaldu duenez, ekimenean bildutako hondakinen kopuru handi bat itsasoan egindako lanen ondorioz sortutakoak izan dira: horien artean
arrain kaxak, sare zatiak, sokak edota buiak aurkitzen izan dira. Hala ere, kopuru handienean batutako hondakinak beste mota batekoak izan dira, gehien bat
plastikozko ur botilak. “Horrela, plastikoak itsasoan sortzen duen arazoei buruz hitz egin genuen”, gaineratu du, eta auzolanaz egiteaz gain itsasoaren kutsadurari buruzko solasaldi bat ere egin zuten batutakoen artean.
Zinegotziak lekuaren zailtasuna kontuan edukita, boluntarioek egindako
lan “baliotsua” goraipatu du, eta pozik azaldu da lortutakoagaz. Horrela, antolatzaileek parte hartu duten pertsona guztien lan eskertu dute, “izugarria” izan delako. Ildo berean, Bermeoko Herri Babeseko kideei ere eskerrak eman dizkie itsas hondakinak lehorrera ateratzeko eta boluntarioen segurtasuna bermatzeko eskainitako laguntzagatik.