Unai Lekerika: “Hiru txapelketa handietako bat irabaztea da helburu nagusia”

Gernika Jai Alai Grand Slamaren finalera heldu eta irabazteko gogoz dago Unai Lekerikabeaskoa (Gernika-Lumo, 1994). Hiru urte daramatza profesionaletan, eta egindako lanagaz pozik dago.

Gernika Jai Alai Grand Slama. Txapelketetan txapelketena. Zein da zure helburua?

Pilotari oso onak daude, urte askotan gailurrean daudenak eta helburua euren mailan jokatzea edota eurei aurre egin ahal izatea da. Eta nola ez, finalera heltzea eta irabaztea. Oso polita izango litzateke herriaren aurrean finala jokatzea; familiari eta lagunei opari hori ematea. Publikoa frontoitik gustura irtetea ere bada helburua. Partidu ona izan dela ikusita, amaieran, bueltatzeko gogoa izatea.

Biharko partidurako gogotsu zaudela nabarmendu duzu.

Partidu gaitza daukagu. Hormaetxeak aurrean, lau edo bosgarren koadroan pilota hartzen badu, ez du parkatzen. Erremate oso ona dauka; pilota kendu beharko zaio. Aldazabal ere azkarra da; udazkenean Munduko errekor ginesa lortu zuen; pilotari gogor ematen dio.

Goikoetxea eta zu bikote gogorra zarete, txapelketa irabazteko bikote faboritoetako bat.
Goikoetxea Mexikon egon da lau hilabetez, eta oso ondo jokatzen egon da. Fisikoki ondo dago. Sei-zazpi aldiz izan da Munduko txapelduna, eta faboritotzat gauzkate. Bikote ona daukat, eta ea urrun heltzen garen.

Bera goraipatu duzu, baina zu ere bikain ari zara, eta, esaterako, Daniako frontoiko atzelari onena izatea lortu duzu.

12 kiniela daude, eta kiniela gehien irabazten dituen atzelariak irabazten du udako eta udaberriko txapelketa. Bakarka eta bikotekako txapelketak daude. Bakarkakoa normalean aurrelariek lehiatzen dute, sake eta errebote hobea dute, eta euren torneoa izaten da. Bikoteka aurrelari eta atzelari onenak saritzen dira. Azken kinielara bost atzelari berdinduta heldu ginen; hiruk bederatzi kiniela irabazita genituen, eta nik bigarren postu gehiago nituenez, lehen postuan nengoen. Beste bi atzelarik zortzi irabazita zituzten, baina gu baino bigarren postu gehiago zituzten. Azken kiniela irabazita bostetako edozeinek irabazi zezakeen txapelketa. Lehia horretan ez zegoen atzelari batek irabazi zuen azken kiniela, eta, beraz, nik irabazi nuen titulua.

“Oso polita litzateke herriaren aurrean finala jokatzea; familiari eta lagunei opari hori ematea”

AEBetan hirugarren denboraldia bete duzu. Esperientzia hartzen zoaz. Maila ona eman, eta sariak ere heldu dira.

2016ko martxoan joan eta beheko kinielak jokatzen hasi ginen. Emaitza onak etorri ziren, eta iazko irailean goiko kinieletara pasatu gintuzten. Hor maila altuagoa dago, pilotari berriekin zaude, eta euren jokoa ondo ezagutzen ez duzunez, horretara moldatu behar zara. Hasieran ez da erraza. Baina moldatu garenean, emaitza onak atera ditugu; txapelketetan garaipenak lortuta. Beraz, ondo, ezinhobeto. Balorazioa oso positiboa da; gehiago ezin dut eskatu. Oso pozik nago egindako lanagaz.

GernikaJaiAlaiGrandSlam

Lekerika Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian.

Jai Alaira publiko gaztea hurreratu da azken urteotan, eta frontoia bete egiten da. Kantxa barrutik zelan bizi duzue giro berezi hori?

Publikoa partiduan sartuta badago, alaitsu eta giro ona transmititzen badu, pilotariak ere gehiago ematen du. Frontoia isilik eta hotz badago, desberdina da. Etxean jokatzeak gehiago motibatzen du. Hau gure betiko frontoia da; 10 urtetik hemen nago. Hemen ikasi dut jokatzen.

Presiorik ez duzula aitatu duzu, baina ilusio berezia bai, ezta?

Hamar hilabete kanpoan egonda, familiaren, lagunen eta herriaren aurrean jokatzea ilusio handia da. 23 urtegaz, hiru denboraldi daramatzat profesionaletan, eta Goikoetxeak ibilbide luzea dauka. Beteranoa eta gaztea; ea ondo orekatzen garen. Bera ere gogotsu dago, eta dena ematera aterako gara.

Beste bi gernikarrek datorren astean daukate final-laurdena.

Beaskoetxeak eta Ekhik Barandika eta Dukeren kontra jokatuko dute. Dukek istripua izan zuen, eta denbora asko egon da kantxetatik kanpo; ez dakigu ze mailan egongo den. Barandika oso maila onean dago, eta iaz Ekhigaz finalera heldu zen. Ekhik iaz debutatu zuen profesionaletan, oso maila ona emanez. Diego txakur zaharra da, urte asko daroaz hor goian. Bi bikoteak gogorrak dira. Faborito moduan Diego eta Ekhi jarriko nituzke, baina jokatu egin behar da.

“Pilotari onenen mailan egotea edota eurei aurre egin ahal izatea da helburua”

Aurreko asteburuan hasi zenuen hemengo denboraldia.

Hossegorreko Grand Slamean final-laurdena irabazi nuen Curveurregaz aurreko barikuan. Markina-Xemeinen Hormaetxeagaz jokatu nuen, Beaskoetxea eta Irastorzaren kontra. Ondo hasita, lehen set-a 15-4 irabazi genuen, baina beste biak galdu.

Zelako uda aurreikusten duzu?

Helburu nagusiena eta nire ilusioa hiru txapelketa handietako bat irabaztea da: Miarritzeko Urrezko Xistera, Donibane Lohizuneko Internazionalak eta Gernikako Grand Slama. Horietako batean txapela etxera ekartzea. Oso gaitz dago, baina ahaleginduko naiz. Aukerak badaude. Iaz Miarritzeko Urrezko Xisteraren finalera heldu nintzen Goikoetxeagaz, baina galdu egin genuen. Ea arantza hori aurten kentzen dugun han edo hemen.

BIHARKO FINAL-LAURDENAK (21.00):

  • Goikoetxea-Lekerika vs. Hormaetxea-Aldazabal.
  • Egiguren-Irastorza vs. Zulaika-Menvielle.
  • Sarrerak. Turismo Bulegoan eta leihatillan (10 euro).
Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend