Atzo aurkeztu zituzten Euskaraldiaren hamaikakoen talde guztiak, San Joan suaren pizteagaz batera “euskaraldiaren sua” ekartzeko asmoagaz.
Hala, San Juan Ibarrako plazan bildu ziren, jai giroan zeudela eszenatoki gainean Gernika-Lumoko
“hamaikako berezia” aurkezteko, “izen eta abizendunen pertsonek osatutakoa”: Oier Plaza, Monica Quiroz, Eneritz Artetxe, Cristian Pedruna, Itxaso Vazquez, Hibai Etxebarria, Valentina Ridolfi, Koldo Zabala, Miren Intxausti, Liviu Costin eta Amaia Lezamiz.
Gernika-Lumoko hamaikako nagusia, atzoko aurkezpenean.
Hamaikako horretan, batzuk
ahobiziak izango dira, euskeraz jarduteko konpromiso finkoa izango dutenak. Beste batzuk aldiz,
belarriprest egongo dira, euskeraz ulertu eta entzuteko prest egongo direnak. Herri mailako “hamaikako nagusia” aurkeztu ondoren, ekimenean parte hartuko duten
29 taldeetako ordezkariak aurkeztu zituzten. Herriko talde horiek hamaikako talde bana sortuko dute,
azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, hamaika egun horietan zehar euskeraz bizi izateko konpromisoagaz.
Denetariko taldeak dira hamaikakoenak, izan ere, irakaskuntzagaz loturiko zazpi talde osatu dituzte, eta lan munduko enpresekin zerikusia duten bederatzi. Sindikatu eta alderdi politikoek aldiz, hiru talde sortu dituzte, eta herriko elkarteek hamar.
Aurkezpen ekitaldiari bukaera emateko, euskaraldiaren ordezkari guztiak familia argazkia ateratzeko bildu ziren, eta herritar guztiei euskaraldian parte hartzera eramateko “erronka” daukatela aipatu zuten, denei izena ematera animatuz.