Xemein Gazte Ahots Abesbatza, ‘Ken Zazpi Ahotsez’ ikuskizunean

Bizkaiko Abesbatzen Elkarteak antolatutako emanaldian parte hartuko du Markina-Xemeingo abesbatzak. Ken Zazpi taldeari omenaldia egingo diote

Bizkaiko Abesbatzen Elkarteak Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformari laguntzeko antolatu duen Ken Zazpi Ahotsez ikuskizun berezian parte hartuko du Xemein Gazte Ahots Abesbatzak. Lehenengo kontzertua domekan edukiko du Markina-Xemeingo taldeak, 20:00etan, Bilboko Campos antzokian.

Ikuskizuna Bizkaiko abesbatzek euskal pop musikako Ken Zazpi taldeari egiten dioten omenaldia da, eta adin ezberdineko 400 korista ariko dira kantuan. Guztira, Bizkaiko hamahiru herritako koristek parte hartuko dute egitasmoan Piccolo String orkestragaz, Celia Baños pianistagaz eta Biarte Dantza Eskolako dantzariekin batera. Besteak beste, Ilargia, Hel nazazu eskutik, Zapalduen Olerkia, Zenbat Min, Phoenicoperus eta Itsasoa gara kantak moldatu dituzte, eta hamalau abesti taularatzeko asmoa daukatela jakitera eman dute antolatzaileek.

Elkartasuna helburu

Domekakoaz gain, beste kontzertu batzuk ere eskainiko dituzte Zornotzan eta Barakaldon, eta jasotako diru guztia Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformari emango diote.

Xemein Gazte Ahots Abesbatzak 35 abeslari ditu gaur egun, eta Itxaso Jaio zuzendari markina-xemeindarraren gidaritzapean aritzen da.
Ez dago iruzkinik

Send this to friend