Jabi Amorrortu Martxa Zikloturista egingo dute bihar
Dena prest dago bihar Gernika-Lumon Jabi Amorrortu Martxa Zikloturista jokatzeko. Momentuz, 150 bat txirrindularik izena eman dute kirolprobak-en webgunearen bidez, baina, gaur eta bihar ere izena emateko aukera emango dute, Pasealekuko arkupeetan. Gau...
Aixerrotape Txirrindulari Taldeak antolatuta, bederatzigarrenez egingo dute proba, eta hainbat berrikuntzagaz dator aurten martxa. Data aldatu dute, orain arte irailean egiten baitzuten, eta ibilbidea aldatu, eta bi ibilbide prestatu dituzte. Gainera, amaieran, Pasealekuan bilduko dira, Merkurion elkartu ordez.
08:00etan igoko dira bizikletetara, eta txirrindulariek bi ibilbide izango dituzte aukeran: 156 kilometrokoa (2.800 metroko desnibelagaz) eta 128 kilometrokoa (1.800 metroko desnibelagaz). Parte hartzaileak indarberritzeko lau anoa postu egongo dira: Gaztelugatxeko San Juanen, Forua eta Gernika arteko mugan (Dia parean), Aulestin eta Oizko ermitan.
Aixerrotape TTk hamargarren urteurrena beteko du aurten, eta azaldu dutenez, hori ospatzeko «ibilbide ikusgarria» prestatu dute. Berritasun nagusia Oiz mendira egingo duten kronoigoera izango da: «Proba era ez lehi- akorrean eta denbora kontrolik hartu barik burutuko da, ibilbide guztiaz eta bizikletaz gozatzeko asmoz. Hala ere, beraien indarrak neurtu nahi dituztenentzat Oiz mendiko kronoigoera neurtuan parte hartzeko aukera egongo da, eta norberaren denbora txirrindulari profesionalek irailean Espainiako Vueltan burutuko dutenagaz alderatu ahalko dute».
Halaber, Bakio, Gaztelugatxeko Doniene, Urdaibai eta Lekeitio bezalako kostaldeko herri edo leku ederretatik egingo dute ibilbidea.
Sariak eta zozketak
Ibilbideen ostean, gura duenak Santanape kiroldegian dutxatu ahalko du. Martxa bukatuta, Pasealekuan elkartuko dira hamaiketakoan, eta opariak banatzeagaz batera, askotariko kirol materiala zozkatuko dute.
Aixerrotapeko kideen berbetan, martxa «txirrindulari sutsuenek egutegian data zehatz bezala fikatzea» da euren asmoa.